Sexu esplotazio sare bat atzeman dute azken egunetan Euskal Herriko zenbait txokotan: Bilbon, Iruñean, Gasteizen, Irunen, Basaurin eta Zornotzan. Gutxienez 34 emakume migranteri iruzur egin, horiek Espainiako Estatura mugitzera bultzatu eta bertan prostituzioan aritzera behartzen zituzten. Hori dela eta Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak mobilizazioa antolatu zuen atzo, hilaren 4an, Arriaga Plazan.
“Mundu osoan zehar milioika emakume egunerokoan sexualki esplotatuak eta bortizki zapalduak dira zenbaiten irabazi ekonomikoak bermatzeko” salatu du Itaiak, eta adierazi dute gertakari honek “gurean ere sexu esplotazioaren errealitatea” zein den argi erakusten duela.
Emakume askok eta askok beraien biziraupena bermatzeko forma gisa prostituziora jo behar izaten dute. Beste asko, esplotazio sareetan kateatuta iristen dira prostituziora. “Kasu gehienetan emakume etorkinak dira egoera horretan daudenak”, nabarmendu dute, beraien baldintza ekonomiko zaurgarriek bultzatuta.
Horren aurrean, prostituzioa amaitzea beharrezkotzat jo dute eta horretarako “forma bakarra sistema kapitalista suntsitzea” dela. Gauzak horrela, kalitatezko bizi baldintza berdinak izateko, indarkeria gordinarekin amaitzeko bidean lan egin behar dela gogorarazi dute: “sexu merkatuaren aurka borrokatuz, merkatu horren konplize orori aurre eginez eta egoera horietan dauden emakumeekin batera euren bizi baldintzen alde borrokatuz”.