Mamma Mia! ikuskizun musikala Arriaga Antzokiko publikoa dantzan jarriko du bost astez, abuztuaren 14tik irailaren 21era, Aste Nagusia barne hartuta. Atzo, hilak 9, egindako aurkezpenean, produkzio berriaren nondik norakoak eskaini zituzten musikalaren protagonistek: Verónica Rondak, Beatriz Rosek eta Ylenia Bagliettok. Verónica Rondak Donna protagonistarena egingo du, eta bere lagun bereizezin Tanya eta Rosie Beatriz Rosek eta Ylenia Bagliettok hezurmamituko dituzte.
ABBA suediar taldearen musika ahaztezina duen musikal handia berriz ere oholtzaratuko dute. Ez da lehen aldia Arriaga Antzokiak izenburu berdinarekin eskaintzen duen musikala, baina ziurtatu dute ikuskizun “zirraragarri eta hunkigarri” hau beste muntaketa bat dela. Guztira 45 emanaldi eskainiko dituzte.
Adin eta publiko mota guztientzako produkzio berria da, bikotekidearekin, lagunekin edo senideekin gozatzekoa, izan ere, kontatzen duen istorioa amei eta alabei, maitasunari eta lagun zaharrei egindako omenaldi bat da. Bertaratuko direnek ABBAren Dancing Queen, Gimme Gimme Gimme, The Winner Takes It All, Voulez Vous, Super Trouper edo Thank you for the music abesti arrakastasuak entzuteko parada izango dute. Donna eta Dinamoek, ikuskizunaren protagonistek, aitortu dute ezin izango diotela eutsi “abesteko, dantzatzeko eta hunkitzeko bulkadari”.
Oholtza gainean, Donnak, Taniak, Rossiek, Sophiek, Skyk, "hiru aita posibleek" eta antzeztaldeko 27 kideek musikal batean inoiz azaldu den istorio dibertigarriena eta maitagarriena kontatuko dute.
Egundoko musikala
Londresen estreinatu zenetik 25 urte igaro diren arren, Mamma Mia! antzerkian inoiz ikusi den fenomeno handienetako bat da oraindik ere. 15 hizkuntza baino gehiagotara itzuli da eta 70 milioi ikusle baino gehiagok txalotu dute mundu osoan. Espainiar Estatuan ere arrakasta handia izan du musikalak, 2004an estreinatu zenetik, eta 20 urte daramatza hiru produkzio desberdinekin arrakasta izaten.
Mamma Mia!-ren ekoizpen berriak eszenografia, jantzi eta koreografia originalak ditu, baita letra eta moldaketa musikal berrituak ere. Musikalak 800.000 ikusle baino gehiago utzi ditu liluratuta Madrilen arrakasta handia izan duten hiru denboralditan. Abuztuaren 14tik aurrera, Bilbo Greziako uharte idilikora joango da berriro ere, urteko ezkontzara joateko, pertsonaiekin maitemintzeko eta euren energia positiboarekin kutsatzeko. Proposamenaren kalitateari eta publikoaren konfiantzari esker, Antzerki Musikalaren Sarietan Koreografia Onenaren saria jaso du, besteak beste.