Egitura eta final aldaketarekin dator 2025eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa

uriola.eus 2025ko eka. 10a, 15:02

Uda pasatu eta gero, irailaren 28tik abenduaren 20ra jokatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Aurtengo berrikuntzetako bat finalaren lekualdatzea izango da: Miribillatik La Casillara.

2025eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa udazkenean jokatuko den arren, gaur aurkeztu dute txapelketa. Txapelketa irailaren 28an hasiko da, eta lehengo faseak bost saio izango ditu. Final aurrekoak etorriko dira gero, eta finalaurrekoetan egon da aldaketan nagusia finalaurrekoa buelta bitara jokatuko da: lehenengo hiru saio, eta gero saio bi. Finalaurrekoetako puntuazioak batuta, etorriko da finala abenduaren 20an La Casillan.

Astearte honetan, hilak 10, egindako aurkezpenean, txapelketaren egituraren nondik norakoen berri emateaz gain, egitura aldatzeko arrazoi nagusiak azpimarratu ditu Ione Narbaiza Bizkaiko Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak. Berarekin batera, Belate Olabarria Bizkaiko Bertsozale Elkarteko presidentea eta Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatua egon dira.  

2023ko txapelketa amaitu, eta 2023ko balorazioarekin hasi zen txapelketako talde antolatzailea, eta Narbaizak adierazi du balorazio bilera horietatik etorritako erabakietako bat izan zela txapelketa eguneratzea.

 

Txapelketaren eguneratzea

Aurtengo berrikuntzetako bat finalaren lekualdatzea izan da: Miribillatik La Casillara. “Koiunturala izan den  aldaketa izan da, aurtengo talde antolatzaileak egokiago ikusi duelako”, azaldu du Bizkaiko Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak. Talde antolatzaileak irisgarritasun egokiagoa ikusi du baita montaje aldetik baldintza hobeak ere. Aforoz, berdina izango da, 5.000koa gutxi gorabehera.

Aurtengo txapelketak, gainera,  Txapelketa Nagusirako sailkapena ere ekarriko du, hau da, txapelketa honetako lehenengo hamar bertsolarik, zortzi finalistek eta beste bi lagunek, datorren urtean jokatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusian kantatzeko aukera izango dute.

Egitura aldetik, aldaketa dezente iragarri ditu Narbaizak: “Finala badakizue jai handi bat izaten dela, izan ere, jende asko batzen da. Baina, horrez gain, ikusi dugu finalaurrekoak oso ondo funtzionatzen duten saioak direla, jende asko batzen baita, eta giro oso polita egoten da”. Hori dela eta, talde antolatzaileak lehenengo fasetik saio bat kendu du, eta finalaurrekoetan bi fase gehitu. “Horrela, alde batetik, finalaurrekoetan batzen diren bertsolariek saio gehiago izango dituzte euren bertsokera garatzeko eta bestetik, maila horretako saioak Bizkaiko herri gehiagotara heldu ahal izango dira”, nabarmendu du koordinatzaileak, txapelketa “apurtxo bat” handituz.

 

Egitura berria

2025eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehenengo faseko bost saioetan 30 bertsolarik parte hartuko dute, sei bertsolari saioko. Horietatik 21 Udabarria bertsotan sailkapen fasetik datoz, maiatzean jokatutakoa. Peio Molinuevo (Arrigorriaga) txapelketan parte hartzen duen lehen aldia da. Gainontzeko bederatzi lagunek, 2023ko txapelketan finalaurrekoetan kantatzearen ondorioz, fase honetan hasteko aukera izango dute. Hamar lagunek izan dute izan dute aukera hori baina batek, Eneko Abasolok, ez du izenik eman, gainontzeko bederatziak bai.

Hortik, finalaurrekoetara pasatuko dira. Final aurrekoetako lehengo fasean, hiru saio jokatuko dira, 6 bertsolari saioko, beraz, 18 lagun. 18 laguneko talde hori osatzeko lehengo faseko bost saioetako irabazleak zuzenean sailkatuko dira, beste sei bertsolari puntuazioz, eta aurreko edizioko zortzi finalistek zuzenean izan dute fase honetara sailkatzeko aukera. Hala ere, Nerea Ibarzabal txapeldunak ez du izena eman, beraz, zazpi izango dira.

Finalaurrekoetako bigarren fasean,  bi saio jokatuko dira, 6 bertsolari saioko, beraz, 12 lagun. Talde hau osatzeko, finalaurrekoetako lehengo faseko hiru irabazleak zuzenean sailkatuko dira, eta gainontzekoak puntuazioz, hau da, finalaurreko lehenengo faseko 18etatik 12k hartuko dute parte. Beraz, finalaurrekoetako bi faseetako 12 bertsolarien puntuazioak gehituta osatuko da finalerako zortzikotea.

 

Datu praktikoak

Saio guztiak arratsaldeko 17:00etan izango dira, ateak lehenengo fasean, ordu erdi lehengo zabalduko dira, finalaurrekoetan ordubete lehengoa, eta finalean 15:30ean irekiko dira. Bestalde, sarrera salmenta jada prest dago.

Lehenengo faseko saioak Urdulizen, Lekeition, Mungian, Galdakaon eta Getxon izango dira. Finalaurreko lehenengo faseko saioak Zeanurin, Abadiñon eta Barakaldon, eta bigarreneko saioak, Bermeon eta Markina-Xemeinen. Finala Bilboko La Casillan izango da.

Txapelketaren jarraipena egiteko, hainbat bidetatik egin daiteke, alde batetik, webgunetik, eta bestetik, Sare sozialetako kontuetatik: Instagram, Facebook eta Bluesky. Kontaktu egiteko bizkaikotxapelketa@bertsozale.eus helbidera idatziz egin daiteke.

 

Eguneko lanaren fruitua eta eskaparatea

“Bertsolari Txapelketa, egunean-egunean egiten den lanaren fruitua eta eskaparatea da”, azpimarratu du Belate Olabarriak: “Alde batetik, fruitua da eskoletatik hasi, bat-bateko taldeetan segi, eta bertso eskoletaraino lana dagoelako, eta bestetik, eskaparatea da bertsolariari eguneroko lanketa erakusteko lekua ematen diolako”.

Bestalde,  txapelketan lanean “buru belarri” dauden taldeen (antolaitzaileak, gai-jartzaileak, epaileak, boluntarioak…) lana eskertu. Era berean, ez ditu ahaztu txapelketaren babesleak: “Gure babesle nagusiak diren Bizkaiko Foru Aldundia eta BBK, baita saioak egingo diren herrietako udal eta hedabide laguntzaileei ere”.