Zinegoak jaialdiak kultura eta sexu-aniztasuna aldarrikatuko ditu bere 22. edizioan

uriola.eus 2025ko eka. 10a, 17:42

Gaur, hilak 10, Azkuna Zentroan egindako aurkezpen prentsaurrekoa. Egilea: Zinegoak

Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiak 50 jarduera baino gehiago antolatu ditu ekainaren 23tik 20ra. Egitarauak proiekzioak, arte eszenikoak, topaketak, jardunaldi profesionalak, jaiak... biltzen ditu. Zazpi euskal film laburrek parte hartuko dute.

Bilbok aldarrikapen, aniztasun, kultura eta zinemaz beteriko hamar egun biziko ditu Zinegoak jaialdiarekin. Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiak 50 jarduera baino gehiago antolatu ditu ekainaren 23tik 20ra. Bere 22. edizioa ere kulturarekin eta sexu-aniztasunarekin lotuta egongo da. Egitarauak proiekzioak, arte eszenikoak, topaketak, jardunaldi profesionalak, jaiak... biltzen ditu jaialdiaren ohiko egoitzetan, hala nola Bilborock, Golem Alhondiga, Bira, Arriaga Antzokia, La Sinsorga edo Guggenheim Museoa. Zinegoak jaialdiaren programazio osoa webgunean kontsulta daiteke.

Gaur Azkuna Zentroan egindako aurkezpen prentsaurrekoan, Zinegoakeko zuzendari Alaitz Arenzanak 22. edizioaren berrikuntza nagusiak azaldu ditu: “Aurten disidentzietatik sortzen ditugun erresistentzia eta afektuen sareetan jarri dugu arreta, egitura tradizionaletatik haratago doazen ereduak birpentsatu ahal izateko. Erresistentziarako, afektuetarako eta aniztasuna onartzeko espazioak dituzten egiturei begiratzea bilatzen dugu”. Aurtengo kartela, Natalia Lisinicchiak egina, horren isla da.

Jaialdia ekainaren 23an hasiko da, Arriaga Antzokian egingo den inaugurazio-galarekin. Itxiera ekitaldia ekainaren 30ean izango da, astelehena, Bilborocken, eta bertan 22. edizioaren palmaresa ezagutaraziko da, EITBk babestutako Zinegoak Sari Nagusia barne.

Edizio honetan, trans infantziak bereziki presente egongo dira, ez bakarrik sail ofizialaren bidez, Avenida Beira-Mar, filmarekin, baita ekainaren 21ean, larunbata, ZiNaizen galarekin ere.

Aurten ere, Zinegoakek hainbat euskal ekoizpen izango ditu jaialdian. Zazpi euskal film laburrek parte hartuko dute Zinegoaken: Jone, batzuetan (Sara Fantova), ¿Dónde estás? (Marina Moreno Novoa), Judoka (Ander Iriarte), Maitemina (Erik Rodríguez Fernández), Inkognita (Julen Gorosabel), Azkena (Ane Inés Landeta, Lorea Lyons) eta La raíz (Isabel Sáez Pérez).

 

Jaialdiaren hasiera

Jaialdia ekainaren 23an hasiko da ofizialki, Arriaga Antzokian egingo den inaugurazio-galarekin. Nerea Arriolak eta Divina Comediak aurkeztuko dute ekitaldia, Esanezin musika taldea arituko da eta Zero Chou zuzendari taiwandarrak Zinegoak 2025 Ohorezko Saria jasoko du, DAMAk babestua. Ekitaldiaren ondoren, Sara Fantova zuzendariaren Jone, batzuetan filmaren estreinaldia egongo da, Fantovaren opera prima. FIK sail ofizialean lehiatuko da.

Jaialdia ofizialki ekainaren 23an hasiko den arren, aurretik, ekainaren 18tik 22ra bitarteko asteburuan, 3, 2, 1... Zinegoak! antolatuko du hainbat jarduerarekin Bilboko hainbat aretotan. Ekainaren 18an, asteazkenean, hasiko da Sarean gunean, Buddies (1985) filmaren proiekzioarekin. Ostegunean, Guggenheimen, Onda Nova (1983) pelikulaz gozatzeko aukera egongo da. Hilaren 20ko arratsaldean saio bikoitza izango da: Primeran plataformaren eskutik Smoggie Queens telesailaren aurrestreinaldia eta Gauak taldearen kontzertua Sarean aretoan. Larunbatean, ekitaldiz beteta egongo da goizetik gauera arte: 12:30ean Sinsorgak lesbofobiari buruzko solasaldia hartuko du Ekuatore Ginean; arratsaldean ZiNaizen gala ospatuko da, Dantzertiren Kaltetuen Elkartea lanaren estreinaldia eta Biran “RRR! Errebeldeak, errelatoak eta erritmoak”, aurkezpenak, performanceak eta dj-ak. Azkenik, hilaren 22an, igandea, Zero Chou ohorezko sariaren obra ezagutzeko aukera egongo da, Bilborocken, Irantzu Varelarekin egindako elkarrizketa batean.

 

Sail ofiziala

Film luzeen sail ofizialean 15 film lehiatuko dira jaialdiaren ohiko hiru sailetan: FIK, DOK eta KRAK (narratiba berriak). Besteak beste, Brasil, India, Argentina, Kolonbia, Estatu Batuak, Norvegia, Kroazia eta Herbehereetako filmak izango dira. Arenzanak horietako batzuk nabarmendu ditu. Adibidez, Truth or Dare filmak sexu-topaketa onartuei, kontzienteei eta taldekakoei buruzko hausnarketa bat erakutsiko du, Der Wunsch zintak amatasun-prozesuetako zailtasunak, eta Brigitte Planeta B dokumental kolonbiarrak planetaren kultura-aniztasunari buruz beste logika batzuetatik hausnartzera gonbidatuko du ikuslea. Film horietako hainbat zinemagile eta protagonista jaialdian egongo dira, beren lanak in situ aurkezteko.

Sail ofizialean lehiatuko diren 30 film laburrei dagokienez, Haurtzaroa eta Nerabezaroa eta Emakume Zuzendariak ohiko zikloez gain, edizio honetan Zinegoakek hiru ziklo berri izango ditu: “Maitasun sareak”, “Erresistentzia eremuak” eta “Geroa oroimenetik”. Lehenengo biek gorroto-diskurtsoak areagotzearen aurrean borroka politiko aktiboa mantentzearen garrantziaz hausnartzen dute; eta hirugarrenak iraganari begiratuko dio etorkizun kontzienteagoa eraikitzeko.