Euskal jendarteak burujabetza “nahi eta behar” duela nabarmendu du Gure Eskuk

uriola.eus 2025ko eka. 11a, 11:47

Ekainaren 7ko Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki mobilizazioaren balorazioa egiteko bildu ziren atzo, hilak 10, Donostian, Gure Eskuko kideak. Burujabetzaren beharra nabaria dela argi ondorioztatu dute prentsaurrekoan.

Joan den larunbateko Gure Eskuko mobilizazioaren balorazioa egiteko bildu ziren atzo, hilak 10, Josu Etxaburu bozeramailea eta June Romatet komunikazio arduraduna, Donostian. Euskal jendarteak borondate argi bat erakutsi zuela adierazi du Etxaburuk: “Urratsak egin nahi ditu Euskal Herriaren burujabetza osoaren bidean, erabakitze eskubidearen aplikazioaren bitartez”. Izan ere, euskal jendarteak burujabetza “nahi eta behar” duela azpimarratu du.

Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki mobilizazioaz, hiru alderdi nabarmendu zituen atzo Etxaburuk: jendetza, aniztasuna, Euskal Herriaren gehiengo politiko eta sozialaren ordezkariek parte hartu zutelako bertan, eta gazteen parte-hartzea. “Adin guztietako jendea izan zen larunbatean Bilbon, baina batez ere, nabarmentzekoa, gazteen presentzia”, esan du bozeramaileak.

June Romatet Gure Eskuko kideak burujabetza beharra gogorarazi zituen hainbat arrazoirengatik, besteak beste: euskal herritarren bizi baldintzak hobetzeko (gutxieneko soldatak, etxebizitza politikak…), etorkizuneko erronkei aurre egiteko (klima larrialdia, adimen artifiziala, migrazioak…) eta euskara kultura sustatu eta biziberritzeko. “Ikusten ari gara zer gertatzen den kanpoan hartzen badira erabaki horiek... Hor dugu oldarraldia, hor ditugu euskararen normalizazioari jarritako trabak edo gure hizkuntza eta kulturaren ukazioa...”, salatu du Romatetek.

“Burujabetzaren beharra nabaria da. Eta euskal jendarteak hori nahi duela ere bai, joan den larunbatean Bilbon ikusi genuen bezala. Eta hori nahi du herri justuagoa, feministagoa eta orekatuagoa eraikitzeko”, gaineratu du komunikazio arduradunak.

Euskal Herriko hiru esparru administratiboetan (Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria) martxan dira, aldi berean, autogobernua hobetzea helburu duten dinamikak, estatus juridiko-politikoa eguneratzeko. Larunbateko herri agerraldiak argi erakutsi zuen euskal jendarteak dinamikak aprobetxatu nahi dituela.  “Herri honen gehiengo sozial eta politikoa ordezkatzen dugun eragileok parte hartu genuen, eta haiekin batera, milaka herritar, iritzi ezberdinetakoak, gure aniztasunaren ispilu”, adierazi du Josu Etxaburuk.

Herri libre baten nahia, beharra eta indarra dagoela nabarmendu du eta hori badago indar politikoek eta gainerako eragile guztiek herri ikuspegiz eta anbizioz jokatu behar dute. “Ardura hori dugu une historiko honetan. Euskal herritar gehienak ordezkatzen dituzten erabaki eta adostasunak lortzeko eta haiek gauzatzen hasteko garaia da; erabakitze eskubidea gauzatzen hasteko garaia da. Herri ikuspegia eta anbizioa. Ahalegina egitea da gure ardura”, bukatu du Gure Eskuko bozeramaileak.