Gau Zuria ekitaldi kulturalak Bilbo argiztatuko du datorren ekainaren 13an eta 14an, 19:30etik 00:30era. Hiriaren sorreraren 725. urteurrenaren ospakizunen barruan, herritarrek 34 proposamen artistikoz gozatu ahal izango dute, artea, diseinua eta teknologia uztartzen dituzten esku-hartze artistiko, argiztapen-lan, ikuskizun ibiltari eta talde koral nahiz instrumentalekin.
Kaleak, plazak, kaialdeak eta zubiak eszenatoki bihurtuko dira, hiri-paisaia arrunta esperientzia sentsorial eta artistiko bihurtuz. Musikak ere protagonismoa izango du, Bilbo soinuz betez. Bilboko kultura-gune nagusiek ere hainbat sormen-proposamen hartuko dituzte, besteak beste, Arriaga Antzokia, Arte Ederren Museoa, Itsasmuseum eta Euskalduna Jauregia.
Publiko guztiei zuzendutako programazioa da, pertsona guztientzat irisgarria, parte-hartzailea eta tokiko garapen iraunkorreko eredu batekin bat datorrena.
Aurten Iberdrola Dorreak bat egingo du arte-esparru gisa, eta GAU ZURIAn site-specific esku-hartze bat aurkeztuko du, asteburu honetako ibilbide gaueko parte izango dena, beste 27 puntu artistikoekin batera.
GAU ZURIA erreferente kultural bihurtu da edizioz edizio eta aurten munduko argi-festibal ospetsuenetan (Lyon, Australia, Paris, Berlin) presente dauden nazioarteko taldeek parte hartuko dute, baita nazioarteko proiekzioa duten artista lokalek ere (Logela Multimedia, Javier Riera...).
Bilboren sorrera: 1300. urtean
Ekainaren 15ean, igandean, hau da, hiria 1300. urtean sortu zen egunean, Bilboko Banderaren igoera egingo da, alkateak eta Udalbatzako ordezkariek zuzenduta, Plaza Ernesto Erkorekako lorategi nagusietan. Ondoren, Herritarren Lore Eskaintza egingo da Don Diegoren omenez. Juan Mari Aburto alkatea, zinegotziekin batera, dantzari eta txistulariekin, Udaletxetik abiatu eta Plaza Zirkularrera joango dira, fundatzailearen estatuaren ondora, eta bertan erromeria egongo da.