13.500 eurotik gorako kalte-ordaina ordaintzera zigortu dute Vueling

uriola.eus 2025ko eka. 11a, 15:30

Bilboko Lehen Instantziako 12. epaitegiak Vueling zigortu du 12 bidaiariren hegaldia bertan behera uzteagatik aurrez abisurik eman gabe. Kaltetutako bidaiariak ERREKLAMATUrekin jarri ziren harremanetan demanda jartzeko.

Bilboko Lehen Instantziako 12. epaitegiak Vueling zigortu du 13.500 eurotik gorako kalte-ordaina ematera 12 bidaiariri, izan ere, airelineak haien hegaldia bertan behera utzi zuen, aurrez abisurik eman gabe eta egun bererako zentzuzko alternatibarik eskaini gabe.

Bidaiariak Bizkaiko profesional batzuk ziren, eta 2023ko urriaren 24rako Bilbotik Kanaria Handiko Las Palmasera joateko hegaldi bat kontratatu zuten, Bartzelonan eskala eginda, biltzar batera joateko. Baina Bilbo-Bartzelona hegaldia (VY1431) bertan behera gelditu zen aurrez abisurik eman gabe, eta 12 pertsona horiek aireportuan geratu ziren informaziorik, laguntzarik eta konponbiderik gabe Kanarietara iristeko.

Horren aurrean, bidaiariek kexa jarri zioten orduan Vueling konpainiari, egun bererako garraiobide alternatibo bat eskatuz, baina aire konpainiaren proposamen bakarra hurrengo eguneko hegaldi bat hartzea izan zen, eta horrekin ezinezkoa zen biltzarrera iristea. Hori ikusita, hegaldien dirua itzultzea eskatu zuten bidaiariek, baina aire konpainiak ez zuen halakorik egin.

Gauzak horrela, kaltetutako bidaiariak harremanetan jarri ziren ERREKLAMATUrekin, hegaldien inguruko erreklamazioetan espezializatutako Bilboko bulego juridiko bat baita, kasua modu kolektiboan onartu eta denen izenean demanda bateratu bat aurkez zezan. Demandan bizi izan zuten egoera “kalbarioa” izan zutela salatu zuten, “arreta ezin txarragoa jaso” zutela eta babesgabe utzi zituztela erabat. Gainera, Vuelingek eskainitako garraio zerbitzua “bidaiarien beharrak ezertarako kontuan hartu gabe” eman zela aipatu zuten.

Epaiak demanda egileen eskaera guztiak baiestu ditu. Hori dela eta, Epiategiak onartu du, batetik, Europako araudiak ezarritako konpentsazio estandarra eta aparteko gastuen itzulketa, eta, bestetik, aparteko izaeraz, beste kalte-ordain bat eman beharra kalte moralengatik. Guztira, hortaz, 13.500 euro baino gehiago: konpentsazioa, gastuak eta kalte morala.