Gizon bat atxilotu dute haur-pornografia deskargatzea egotzita

uriola.eus 2025ko eka. 12a, 10:15

Eduki pedofiloko 12.300 artxibo baino gehiago deskargatuta zituen 59 urteko gizona atxilotu zuten atzo, hilak 11, BIlbon. Orain, atzemandako materialean agertzen diren adingabeak identifikatzeko lanean jarraitzen dute agenteek.

Polizia Nazionalak 59 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo, hilak 11, Bilbon, haur-pornografia edukitzegatik, izan ere, eduki pedofiloko 12.300 artxibo baino gehiago deskargatuta zituen; horietako batzuetan oso irudi gogorrak daude. 

Boreas operazioaren baitan, Poliziak ohartarazi zuen hainbat hilabetez aritu direla ikertzen. Operazioa bi fasetan egin zuten. Lehenengoan, eta Interneten egindako "ziberpatruilatze" lan baten bidez, Polizia Nazionalak zehaztu zuen azken urtean haur-pornografiako 12.300 artxibo baino gehiago deskargatu zirela saltoki batean geolokalizatutako IP helbide batetik. Saltokia atxilotuarena zen.

Gauzak horrela, bigarren faseari ekin, etapoliziek langileak eta merkataritza-lokaleko arduradunak ikertzen jarraitu zuten, Bilboko Instrukzioko 4 zenbakiko Epaitegiaren zuzendaritzapean.

Miaketak eta ikerketak egin ostean, beharrezko agindu judizialak lortuta, susmagarriaren merkataritza-lokalean eta etxean sartu eta miatu zituzten. Erregistroetan, ekipo informatikoetan eduki pedofiloko deskargak egiten zirela zehaztu zuten poliziek. Horrela, agenteek gizona atxilotzeko beharrezkoak ziren frogak biltzea lortu zuten.

Orain, atzemandako materialean agertzen diren adingabeak identifikatzeko lanean jarraitzen dutela adierazi du Polizia Nazionalak: "Erasoak non eta nola gertatu ziren zehazten saiatzen ari dira, eta hori lan zaila eta nekeza da, eta funtsezkoa da Poliziaren eta epaileen arteko lankidetza".

Operazio horretan Euskal Herriko Poliziaren Buruzagitza Nagusiko Polizia Judizialaren Brigadako Delinkuentzia Antolatuaren Taldeak eta Ziberdelinkuentzia Unitate Zentralak parte hartu dute.