Bilboko Kalealdia Antzerki eta Arte Jaialdiak 26. edizioa jarriko du abian ekainaren 30etik uztailaren 5era. Guztira genero anitzeko eta adin guztiei zuzenduriko 59 ikuskizun eskainiko ditu. Edizio honetan, 35 konpainiak hartuko dute parte, horietatik 15 Euskal Herrikoak (7 Bilbokoak), 12 estatukoak eta 8 nazioartekoak.
Egitarau osoa aurkeztu dute gaur goizean, hilak 12, Casilda Iturrizar parkean, Jaialdiaren agertoki nagusietako batean, Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotziak eta Pedro Ormazabal BILBOKO KALEALDIAko zuzendariak. Jaialdia Mama crea euskal konpainiaren Desiderata ikuskizunak inauguratuko du arratsaldeko 17:00etan Casilda Iturrizar Parkean.
Mama crea euskal konpainiaz gainera, aipatu bezala, Euskal Herriko beste 14 konpainiak hartuko dute parte: Komorebi Produkzioak, Nimú, Markeliñe, La Pez, ATX Teatroa, Arriera, Manttalingo Alaba, Harrobi Dantza Bertikala, Hika Teatroa, Kukai Dantza, Zanguango Teatro, Trotamundos Cía. eta Barsanti Cía.
Jaialdia hirian zehar banatutako hainbat espaziotan gozatu ahal izango da eta, gune nagusia Casilda Iturrizar Parkea izango da: Arte Ederren Museoaren inguruan, Ahateen Urmaeletik gertu, lau gune egongo dira, eta Pergolan eszenatoki bat. Arriaga Plazan, Areaztzan eta UPV/EHUren Bizkaia Aretoan ere ikuskizunak izango dira.
Casilda Iturrizarreko urmaelaren inguruetan haurrak "jango" dituen Gargartua egongo da, uztailaren 1etik 6ra bitartean. Era berean, bertara hurbiltzen diren pertsona guztiek Food Truck ezberdinek eskaintzen duten gastronomiaz gozatu ahal izango dute.
Emanaldi guztiak doakoak izango dira, Kataluniako Escarlata konpainiaren "Devoris Causa" izan ezik. Kasu horretan sarrerak erosi beharko dira 3 eurotan webgunean. Emanaldiaren diru-bilketa Zaporeak Solidario Garapenerako Elkarteari emango zaio.
Herritarren parte-hartzea
Aurtengo edizioan kaleko artisten arteko topaketa sustatzea helburu duten hiru jarduera parte-hartzaile eskainiko dute Open Kalek (Kale Jaialdien Sarea) eta Artekalek (Euskal Herriko Kaleko Arteen Elkartea).
Lehenengoa "Diziplina baten aurkikuntza" tailerra da, Arriera txotxongilo konpainiak emango du ekainaren 26an, San Frantziskoko Udaltegian. Bigarrena, Harrobia Dantza Bertikalaren ikuskizunaren ondoren Manttalingo Alabaren emanaldiaren ondoren, solasaldiak egongo dira uztailaren 3an, ikuskizuna sortzeko prozesua hurbilagotik ezagutzeko. Hirugarren jardueraren ardatza ikuskizun batean parte hartzea da. 20 pertsona inguruk parte hartuko dute Llum de Fideu konpainiak emango duen tailer batean, "Sfumato" ikuskizunean figurante gisa parte hartzeko. Ikuskizuna ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean izango da.