Pasa den maiatzaren 9an LABek, STEILAS, CCOO, UGT eta Interinok taldearekin batera, lan baldintzak hobetu eta baliabidez hornituko dituen akordioa erdietsi zuen. “Tamalez, eta nahiz eta Begoña Pedrosak Hezkuntza sailburuak medioetan adierazpenak egin dituen bakoitzean hezkuntza kalitateaz aritu den eta baliabideak erdigunean jarri izan dituen, hitzartutako guztia ez da betetzen ari”, salatu du LABek. Hori dela eta, LABek deituta, EAEko hezkuntza publikoko irakasleek lanuzte eta mobilizazioak egin dituzte gaur goizean. Bilbon, Cervantes HLHIn edo Ibarrekolanda BHIn mobilizatu dira.
Negoziazioan baliabideen gaia gatazkatsua izan zen, eta LABek adierazi du, irmo defendatu ondoren soilik txertatu zela akordioan. Zentzu horretan, hezkuntza kalitatea hobetuko duten eta akordioan jaso diren neurri guztiak ezartzeko galdegin dio LABek Hezkuntza Sailari. Izan ere, akordioari esker, ehunka dira sortu beharreko lanpostuak.
Beraz, Hezkuntza Sailak ikastetxe bakoitzean baliabide gehigarriak txertatu bitartean, LABek borrokan jarraituko duela esan du, lan zama arintzeko eta hezkuntza eraldatzeko beharrezkoak diren neurriak ezartzeko. Era berean, Hezkuntza Sailak izandako jarrerak ikastetxeetan urduritasuna eta kezka besterik ez dituela sortu salatu du LABek, presioaren, noraezaren, inprobisazioaren eta itxikeriaren ondorioz.
“Urtebete daraman arren, Hezkuntza Sailaren jokamoldea aski ezaguna da”, nabarmendu du sindikatuak eta sailak sindikatuekin duen harremana itxurakeria besterik ez dela: “Mahai negoziatzaileetan sinatutakoaren inguruko interpretazio berriak egin, eta akordioan jasotakoa ezeztatzea izan da jasotako erantzun bakarra”.
Aurrerantzean, hortaz, LABek determinazio berdinarekin borrokan jarraituko duela aldarrikatu du, langileekin batera ikastetxe guztietan maiatzaren 9an sinatutako akordioa bete arte. Era berean, zuzendaritzekin elkarlanean jarraituko duela adierazi du sindikatuak akordioa betetzen dela bermatzeko. Azkenik, sindikatu sinatzaileak akordioaren defentsan batasun sindikala mantentzera deitzen ditu.