Ibaiondo Dantzan programak kultura eta dantza hurbilduko ditu Miribillara

uriola.eus 2025ko eka. 17a, 12:58

Edizio honek sei dantza-konpainiaren proposamenak hurbilduko ditu Gernikako Lorategien plazara ekainaren 20an eta 21ean.

Bilboko Udalak Ibaiondo Dantzan programaren laugarren edizioa jarriko du abian ekainaren 20tik 21era. Kultura eta dantza gerturatuko die Miribillako eta hiri osoko herritarrei Gernikako Lorategien plazan, Miribillan. Edizio honek sei dantza-konpainiaren proposamenak hurbilduko ditu, sarrera librekoak izango dira guztiak.

Egitaraua ostiralean, ekainak 20, hasiko da “Alleo” proposamenarekin 19:00etan. Ondoren Lucia Montes eta Mado Dalleryre txanda izango da “After the Drop” lanarekin 19:15ean, eta Input Konpainiak "Play" ikuskizunarekin itxiko du jardunaldia 19:30ean.

Larunbatean, ekainaren 21ean, DAB Dantza Konpainiaren “Nun zira?” disfrutatu ahalko dute ikusleek, 19:00etan. Ondoren, iXa konpainiak “Ollos cara adentro” (Barruranzko begiradak ikuskizuna eskainiko du, 19:30ean. Programazioa 19:45ean itxiko da Ertza taldearen "Otempodiz? " lanarekin.

 

Gernikako Lorategien plazan hitzordua

  • COLECTIVO GLOVO (ekainak 20, 19:00etan) – “Alleo”: Han goian hasten da dena, gertatzen dena ikusten dugun tokian, non zelaietatik eta itsasotik urrun dagoena erregistratzen dugun. Nire posiziotik egia ikusten da. Dorrea epela da, laranja. Eguzki-izpiak pitzaduretan urtzen dira eta erabat lurtarrak diren harrien azpian hausten dira. Bakardade kartsu horrek susmoaren pribilegioa erre eta suntsitzen du, eta handitasun mugagabearen aurrean abandonatzen gaitu.
  • LUCIA MONTES eta MADO DALLERY (ekainak 20, 19:15ean)  – “After the drop”: Lan honek gai moldagarri gisa tratatzen ditu gorputzak. Egiaren eta irudimenaren artean kokatuta, sinbolo gorpuzdunek zenbait kontzeptu iradokitzen dituzte: suntsiketa eta eraldaketa, zurruna eta moldagarria, aldaketa eta gorabeherak.
  • INPUT (ekainak 20, 19:30) – “Play”: Duo bat da, bi gorputzen arteko erlazioan oinarritua, jolasetik harremanak sortu nahi dituzten bi masa, manipulazioaren bidez bestearen gorputza nola mobilizatu ulertzeko jakin-minetik abiatuta. Gainera, bi interpreteen generoarekin jolasean ere jartzen du arreta, norbere buruari galdetzeko: nor da nor? Jakin-min horrek mugimenduz beteriko diskurtso bat osatzera daramatza, non bi interpreteek irudiz, ekintzaz eta momentuz beteriko elkarrizketa batean murgiltzen diren, irudimenezko hainbat mundu sortuz.
  • DAB DANTZA KONPAINIA (ekainak 21, 19:00etan) – “Nun zira?”: Gizaki izateaz, partekatzeaz, existentziak zer esan nahi duen baloratzeaz eta maite ditugun pertsonekin bizitzeaz hitz egiten du. Ikuslea gerra-testuinguru batean jarrita, interpreteen binomioak, koruaz lagunduta, bidaia bat abiatuko du, barru-barrutik giza biziraupenaren aldeko borrokaren alde basatieneraino, non motorra elkarrekiko maitasuna izango den.
  • iXa (ekainak 21, 19:30ean) – “Ollos cara adentro” (Barruranzko begirada): Onirismoa abiapuntu, asmoa da ametsaren ikuskera surrealista aztertzea, alegia, logikaren mugak eta are gustuaren konbentzioak apurtzen diren lekua, eta pertsona bakoitzaren barruko eta kanpoko munduaren artean ate bat irekitzea.
  • ERTZA (ekainak 21, 19:45ean) – “Otempodiz?”: Esan ohi da mendebaldean denbora zenbatu, neurtu, erosi, saldu, planifikatu, antolatu egiten dela; ondasun objektiboa da, gizakiarengandik aparte dago eta gauzak egiteko erabiltzen dugu, baina gehienetan falta izaten dugu. Afrikan, ordea, denbora bizi, eduki, egin egiten dute; gizakiaren berezko ondasun subjektiboa da, esanahia du eta ia inoiz ez da falta. Munduko leku jakin batean jaiotzeak ezinbestean markatzen du norbere denbora-nozioa. Denbora modu askotan bizi daiteke, baita haren esklabo izanda ere; baina ezin da ukatu, eta horrek munduko edozein txokotan balio du, dantzak boterea ematen duela denbora erabateko orainaldian bizitzeko, dantzaren jatorria, generoa edo baldintza edozein dela ere.