Camino a Bilbo kartela aukeratu dute 2025eko Aste Nagusia koloreztatzeko abuztuaren 16tik 24ra. Mario Larrinaga Mochalesek sortu du kartela. Bere “inpaktu bisualagatik, teknikagatik eta Aste Nagusi anitz, alai eta ordezkatzaile bat” islatzeko gaitasunagatik nabarmendu da. Egileak 3.000 euroko saria jasoko du.
Guztira, 222 proposamen aurkeztu dira lehiaketara: 72 Bilbokoak, 72 Euskadiko beste herrietakoak, 59 Estatukoak, eta 19 beste herrialdetakoak. Diseinu grafikoko profesionalek eta zaleek ia parekatuta parte hartu dute: 119 diseinu grafikoaren alorreko profesionalek eginak eta 103 amateurrek.
222 lan horietatik 6 finalista egon dira, eta Hautaketa sistema misto baten bidez agertu da irabazlea. Herritarrek online bozkatu ahal izan dute Bilboko Udalaren webgunean, edo aurrez aurre Abandoko Udal Zentroan, ekainaren 9tik 15era bitartean. Kartel irabazleak botoen %43,77 jaso du, sei lan finalisten artean. Epaimahaikideek, bestalde, ikuspegi tekniko eta artistikoa jarri dute erabakian.
Aurten, hainbat esparrutako pertsonek osatu dute epaimahaia: Itziar Urtasun, Jai Batzorde Mistoaren presidentea eta Berdintasun eta Jaietako zinegotzia; Asier Abaunza eta Garazi Perea zinegotziak; Alicia Fernández, Rekalde Aretoaren zuzendaria; Alberto Salcedo, Bilbao Arteko ordezkaria; Susana Alaguero, Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteko arduraduna; Andoni Calvo kazetaria; eta Bilboko Konpartsen ordezkaria Lorea Ureta. Horrez gain, edizio honetan aditu gonbidatu batzuk izan dira: Borja Sanz, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko irakaslea eta Adimen Artifizialaren erabilerari buruzko aholkularia; eta Alba Gutierrez, Bilbon bizi den murtziar jatorriko diseinatzaile eta tatuatzailea.