Gehiengo sindikalak Hego Euskal Herriko langileentzat gutxieneko soldata duina ezartzeko ekimena jarri du martxan

uriola.eus 2025ko eka. 18a, 17:00

Iturria: LAB Sindikatua

56 enpresatako langileen ordezkariek Hego Euskal Herriko gutxieneko soldata propio baten aldeko mozioa aurkeztu dute gaur goizean, hilak 18, Arriaga Antzokiaren aurrean.

ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuek Hego Euskal Herriko langile guztientzat gutxieneko soldata duin eta erreal bat ezartzeko ekimena jarri dute martxan. Gutxieneko soldata aberastasunaren banaketarako tresna nagusietako bat da, eta prekaritatearen eta pobreziaren aurkako borrokan ezinbesteko neurria.

Asteazken goizean, hilak 18, Arriaga Antzokiaren aurrean egindako aurkezpenean, gutxieneko soldata propio baten alde atxikimenduen berri emateaz gain,  behar-beharrezkotzat jo dute gutxieneko soldadat “hemen” erabakitzeari eta  Hego Euskal Herriko errealitate sozioekonomikoari egokitzeko garrantziari.

Hori dela eta, langileen lan- eta bizi-baldintzak hobetuko dituen burujabetza ariketa aurkeztu dute, eta horretarako bi bide abiatu dituztela adierazi dute, Lanbidearteko Akordioaren eta Herri Ekimen Legegilearen bideak. Lehena, bertako eskumenen baitan Lanbidearteko Akordio bidez patronalarekin negoziazioa hastea, Confebask eta CEN patronalek ezezko borobilarekin erantzun dioten bidea. Bigarrena, Herri Ekimen Legegilearen bidez autonomia erkidegoek gutxieneko soldata propioa ezartzeko eskumena eskuratzea, eta horretarako milaka sinadura biltzea.

Gutxieneko soldata propio batek bereziki eragingo lieke gizartean lan baldintza okerrenak dituzten sektoreei, horietako asko feminizatuak, migratutako pertsonez osatuak, aniztasun funtzionala duten langileak dauden esparruak eta langile gazteak lanean ari diren enpresak.

Bereziki, aipatutako sektore horietan ari diren langileen ordezkariek dei egin dute gaurko agerraldian dute gutxieneko soldata propio baten aldeko ekimen guztietara, lanbidearteko akordio baten aldekora eta Herri Ekimen Legegile baten aldeko sinadurak biltzera. Era berean, enpresa hauetan ari diren langileen ordezkariek dei egin diete Hego Euskal Herriko langile guztiei beren sinadurarekin sostengua eman diezaioten gutxieneko soldata propio baten aldeko Herri Ekimen Legegileari.

 

Atxikimenduak

56 enpresatako langileen ordezkariek aurkeztu dute Hego Euskal Herriko gutxieneko soldata propio baten aldeko mozioa, esaterako Bizkaian: Lantegi Batuak, Fabripapel SLU Cherry, Sifu, CAE, Ilunion operarios, Avifes Aniztasun funtzionaleko pertsonen artapena, Sindrome de Down. Aniztasun funtzionaleko pertsonen artapena eta Salica arrain kontserbak.