Zorionak, Zurbaran! 25 urte kolorez, irriz eta auzolanaz beteriko jaiak antolatzen!

Zurbaranjai Kultur Elkartea 2025ko eka. 19a, 15:49

None
None

Pasa den asteburuan, hilaren 12tik 15era, Zurbaran auzoak bere bihotza zabaldu du berriz ere, kolorez eta algaraz betez gure kaleak, gure bihotzak. 25 urte bete dituzte gure jaiek, eta urtez urte, belaunaldi batetik bestera igaro den sua bizirik mantendu dugu, eskuz esku, irriz irri. Gure Bilboko txoko txiki honetan hasi zen dena, gure lehen txosna urdinarekin. Txiki bezain handi izan zen gune hura: bihotzez muntatua, ametsaren neurrira egina. Gaur egun gure jaiak hazi egin dira, eta txosna txiki hura ez dugu jartzen, baina ez da inoiz desagertu: gure oroimenean dago, gure izatean. Gure ibilbidearen parte da, eta beti izango da jaien bihotzaren lehen taupada. Horregatik, zaindu ditzagun txosnak, zaindu dezagun gure kultura.

Aurten ere, jaiek asteburu osoa hartu dute. Ostegunean auzoko tabernetan zehar egindako poteoarekin hasi genuen festa: kantua, dantza eta auzoko lagunen arteko lehen brindisak. Ostiralean, Zurbarango Eskolaren festarekin, haurrek dantzan eta saltoka bete zuten biribilgunea; eta, jakina, txapela jaurtiketa klasikoa ere izan genuen, gure jaietako ikur maiteenetarikoa. Larunbatean tortilla lehiaketa eta playbacka izan ziren protagonista: jendetza elkartu zen, parte hartze handiz, barre eta txalo artean. Eta igandean, jaiak agurtzeko, herri bazkari erraldoia egin genuen; azken trago bat, azken abesti bat.

Urteak daramatzagu Zurbaranjain ilusioz lanean: kontzertuak antolatzen, kultura jarduerak bultzatzen... batzuetan, baliabide gutxirekin baina bihotz osoz. Gure dinamikak aurrera eramateko, arrautzak jaso ditugu, merkatutxoak antolatu, denetarik egin dugu guzti hau posible egiteko. Baina ezin dugu ahaztu auzoko altxorrik handiena: jendea. Gure auzokideak, kolore ezberdinetako kamisetak jantzita —urdinak, berdeak, moreak— kalera atera direnak. Euria egin arren, plastikozko txubaskeroekin eta koloretako aterkiekin bertan egon diren guztiak, indarrak ematen. Eskerrik asko auzoko koadrila guztiei, txosnara kaña bat hartzera hurbiltzen denari, kontzertu bat gozatzera etortzen denari, eta urtez urte txosnako txandak egiten dituzten jai-batzorde eta eragileei. Eta noski, gurekin dabiltzan komertzioei, beti laguntzeko prest dauden horiei. Zuek gabe, Zurbaran ez litzateke berdina izango, eta gure jaiak, hutsik leudeke.

Eskerrik asko ere gu guztiak hazten ikusi gaituen Zurbarango eskola zoragarriari. Eskolak berak zein AMPAk urteetan eskeinitako babes eta laguntzagatik. Auzoaren bihotza zarete. Zorionak, Zurbaran. Gora gure jaiak, gora auzoa, eta gora auzolana. Beste 25 urte gehiagogatik, biba zuek!