Ehgamek boikota egitera deitu du Bilboko EAJren programazio LGTBIari

uriola.eus 2025ko eka. 20a, 10:59

Ehgamek gogorarazi du Bilbon, Ehgamek 1978an lehendabizikoz antolatu zuenetik, urtero ospatu duela eguna, ia 50 urtez, Bilboko LGTBI+ taldeen eskutik. Bihar, ekainaren 21ean, Jesusen Bihotza plazatik karrozen desfilea antolatu du udalak, eta Ehgamek gogorarazi du herri-mugimenduak badituela jada bere "karrozak". Era Berean, Ehgam Bilbo+ talde sexu-disidenteak E28 Koordinadorak deitzen duen manifestazioarekin bat egin du.

Ehgamek Bilboko EAJk Udaletik Bilbao Bizkaia Harro plan turistikoaren bidez antolatu duen programazioari boikota egitera deitu du, aurten ere. “Bilboko Udalaren prepotentzia eta estrategia zikinak inoiz baino nabarmenago ezkutarazi nahi ditu tokiko taldeen aldarrikapenak”, salatu du mugimenduak. Bihar, ekainaren 21ean, Jesusen Bihotza plazatik karrozen desfilea antolatu du udalak, eta Ehgamek gogorarazi du herri-mugimenduak badituela jada bere “karrozak”: “Hainbat eta hainbat urtetan zehar manifestazio, kontzentrazio eta mobilizazioetan sistema heteronormatibo honen errepresio eta bortizkeriaren kontra beren gorputza jarri duten borroka-lagun guztiak”. 

Horrenbestez, Ehgam Bilbo+ talde sexu-disidenteak E28 Koordinadorak deitzen duen manifestazioarekin bat egin du. Kasillatik aterako da 12:00etan, eta horretan parte hartzeko deia egin du, “herrikoia eta aldarrikatzailea” baita. EAJk sortutako Bilbao Bizkaia Harro kapitalismo arrosaren eredua dela adierazi du, eta aldarrikatu du borroka transmaribibolloa “sistema neoliberal-kapitalistaren” kontrako borroka da, eta transfeminismotik, autogestiotik eta horizontaltasunetik eraiki beharra ikusten dutela.

 

LGTBI+ kolektiboaren aldarrikapenak borrokatzeko eguna

Ekainaren 28a (E28) LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna da: LGTBI+ kolektiboaren aldarrikapenak borrokatzeko eguna, eta Ehgamek gogorarazi du Bilbon, Ehgamek 1978an lehendabizikoz antolatu zuenetik, urtero ospatu duela eguna, ia 50 urtez, Bilboko LGTBI+ taldeen eskutik.

“2015ean, Bilboko Udalak Bilbao Pride (Bilbao Bizkaia Harro) egitasmo turistikoa antolatu zuen turismo gay zuri aberatsa Bilbora erakartzeko hiri-negozio gisa”, nabarmendu du mugimenduak, eta urte hauetan LGTBI+ kolektiboaren eskubideak aldarrikatzeko eguna bereganatzeko hainbat saiakera folkloriko-turistiko-neoliberal egin dituela argitu du, “makrofestibalen eredu merkantilista bera” ezarriz. 

“Lotsagarria” hitzarekin deskribatu du Ehgamek Bilboko Udalaren jarrera, baita Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Basquetourrarena ere. Gastuak azpimarratu dituzte bai eta astebete lehenago Kale Nagusian zehar egingo duten karrozen desfilea, Madrilen bezala. Gainera, Udalak E28ko manifa eta ondorengo ohiko ospakizunak erabat boikoteatu eta eragotzi nahi dituela salatu du Ehgamek, izan ere, BBK Fundazioaren eskutik, kontzertu erraldoia programatu du egun horretan bertan Areatza inguruan, E28ko manifa amaitu ohi den lekuan. “Banketxe baten ospakizunak, LGTBI+ kolektiboaren aldarrikapenak isilarazteko... Oso esanguratsua”, gaineratu du mugimeduak.

 

Ehgamen eskaera formala

Komunikazio-estilo zehatza eta eguneratua izateko helburuarekin, Ehgam, Euskal Herriko Sexu Askapen Mugimendua, letra xehez erabiltzea eskatu du etorkizuneko argitalpen eta estilo liburuetan, eta ez "EHGAM" (Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimendua) akronimoak.

2021eko urrian berreratze-prozesua egin zuen, eta prozesu hartan erakundeak borroka-subjektua zabaldu eta gaurkotzearen beharra azpimarratu zuen. Adaketa horrek, erakunde gisa izan duten bilakaera islatzeaz gain, sexu askapenari garrantzi handiagoa ematen dio, bere zentzu zabalenean, askotariko sexu-adierazpen disidenteak aintzat hartuz.

Hortaz, "Ehgam" izena jada ez da akronimo bat, nahiz eta izenari eustea erabaki zuten; erakundearen erreferentzialtasun historikoagatik eta ia 50 urteko ibilbidea aitortzeagatik.

Erakundearentzat funtsezkoa da euren izena egungo balio eta helburu politikoen isla zehatz eta koherentea izatea. Eta uste dute letra xeheko "Ehgam" izena erabiltzeak nahasketak saihesten lagunduko duela, bai eta Euskal Herrian sexu askapenaren aldeko borrokan duten nortasuna plazaratzen ere.