Bilboko bi auzoetako gurasoen hizkuntza-praktiken eraldaketa soziolinguistikorako aukerak aztertu ditu Soziolinguistika Klusterrak. Bilboko Udalak bultzatuta, ikerketa Bilboko Alde Zaharrean eta Deustun egin du, eta hiri testuinguruetan euskararen presentzia indartzeko aukera eta erronkak azaleratu ditu.
Ikerketak hiru helburu izan ditu: gurasoen hizkuntza-ideologien eta eguneroko praktiken berri izatea, familien arteko harreman-sareak aztertzea euskararen erabilera sustatzeko aukerak identifikatzeko, eta etorkizuneko esku-hartzeetarako gako praktikoak zehaztea.
Informazioa bilketarako teknika etnografikoak eta elkarrizketak baliatu ditu klusterrak, eta horrez gain, ikerketaren amaieran, Gau Beltzaren inguruko dinamika antolatu zuen Txantxiku Aisialdi Taldearekin, Deustun eta Alde Zaharrean. Ehun pertsona baino gehiagok parte hartu zuten familia tailerrean eta antolatu ziren beste ekimenetan.
Ikerketaren txostenaren egileaak Jaime Altuna, Olatz Altuna eta Josu Ozaita izan dira. 95 orrialdez osatutako txosten osoa Soziolinguistika Klusterraren webgunean dago irakurgai.
Ikaskesta prozesuak
Gurasoen ikasketa prozesuari dagokionez, hizkuntzen belaunez belauneko prozesua dinamikoa eta aldakorra izan ohi dela ondorioztatu dute egileek txostenean. Guraso batzuk beraien familiaren historian, euskara berreskuratu dute; eta aldiz, beste askoren kasuan estreinakoz euskara ikasi duten belaunaldia izan da. Ikasketa prozesuari dagokionez hiru ibilbide nabarmendu dituzte: lehena, familiari edo inguruneari esker euskara ikasi dutenak; bigarrena, gazte garaian hizkuntza-aldaketa egin dutenak; eta azkenik, gurasotasunarekin lotuta euskara ikasi dutenak edota erabiltzen hasi direnak.
Haurren ikasketa prozesuari dagokionez, eskolak euskararen “irla” gisa funtzionatzen duela azpimarratu dute, baina eskolaz kanpo gaztelaniaren presioa nabarmena dela adierazi dute. Aisialdia, lagunartea eta kale giroa eremu erdaldunetan garatzen dira, eta horrek hizkuntza-aldaketa eragiten du haur askorengan. Euskarazko harreman sareak sortzea eta haurrei aisialdi testuinguru euskaldunak eskaintzea ezinbesteko urratsak dira erabilera soziala bermatzeko.
Familia hizkuntza-politikak
Hizkuntzari lotuta familian hartzen diren erabaki esplizituak zein inplizituak asko direla nabarmendu dute, eta horretan sakontzeko hiru osagai landu dituzte: ideologia, kudeaketa eta praktika. Hizkuntza-ideologiari dagokionez, euskara nortasunaren parte eta zaurgarri agertu da nagusiki, baina, era berean, liberalismo linguistikoa presente dagoen diskurtsoa da. Familiek euskararen erabilera sustatzeko estrategia ezberdinak erabiltzen dituzte; esate baterako, haurrekin euskaraz hitz egitea, euskaraz egingo duen eskola batean matrikulatzea; eremu informalean eta ez formalean euskaraz bizitzeko aukera ematea ondo pasatzeari garrantzia emanez; hizkuntzaren egoerari buruz familian solastea; edota, euskaraz artatzen zaituzten dendetara eta zerbitzuetara joatea.
Laburtuz, familiek eta gurasoek euskararen aldeko praktika eraldatzaileak garatzeko gaitasuna badutela argitu dute. Horretarako eremu informaletan eta auzo mailan sare euskaldunak indartzea, esku hartze komunitarioak sustatzea eta planifikazio malguak diseinatzea giltzarri dira.