Sarek eta Euskal Sindikatuen gehiengoak 2024-2025 kurtso politikoan deitu dituzten mobilizazioetan bigarren eta azkena gauzatzeko elkartu dira gaur, hilak 20, eguerdiko 12.00etan Plaza Biribilan. Donostia, Gasteiz eta Iruñean ere egin dituzte elkarretaratzeak. ELA, LAB , ESK, STEILAS, CGT-LKN, CNT, EHNE, HIRU eta ETXALDE sindikatuek hartu dute parte.
Beste behin sindikatuek bat egin dute Sare Herritarraren aldarriekin, bai eta urteetako gatazkak utzitako ondorioen konponbidearen aldeko eta, bakearen, konponbidearen eta elkarbizitzaren aldeko aldarriekin.
“Datorren urtean 15 urte beteko direlarik ETAk bere jarduera eten zuenetik, oraindik orain urteetan luzatu zen sufrimendu baten ondorioak pairatzen ari da euskal gizartea” gogorarazi dute sindikatuek gaur eguerdian egindako elkarretaratzean. Sindikatuak sufrimendu horren amaieran eta herri eta gizarteak behar eta merezi duen elkarbizitza agertokietara jauzi egiteko lanean euren ekarpena egiteko konpromezuan berretsi dira: “Ezinbestekoa da etorkizunera begira jarri nahi badugu iraganera iltzatzen gaituzten ondorioekin amaitzea”.
Aipatutako sufrimenduaren hainbat ondorio azpimarratu dituzte: biolentzia ezberdinen biktimek, hau da, biktimek oro har, horren beharrezko duten egia, errekonozimendua, aitortza instituzionala eta erreparazioa; salbuespen lege eta politiken ondorioz beraien zigorrak erregimen itxian betetzen ari diren 57 euskal presoen egoerak; eta oraindik ere erbestean dauden iheslari eta deportatuen egoerak.
Euskal Herriko alderdi politikoen, eragile sozial zein politikoen, sindikatuen eta euskal gizartearen ardura da elkarbizitza agertokiei ekarpenak egitea da. Gogorarazi dute guztien ardura dela ondorioen konponbidearen lanean jardutea, norberak bere leku eta posiziotik lan guzti horri ekarpenak egitea, eta sindikatuak konpromezu horretan bat egiten dutela adierazteko elkartu dira gaur eguerdian: “Ondorioen konponpideari gure ekarpena egiteko konpromezuan berresten gara. Ez dezagun sufrimendua gehiago luzatzen utzi”, gaineratu dute.