Metro Bilbaok I-SEC Aviation Security S.L.Israelgo segurtasun-enpresa kontratatu duela salatu dute

uriola.eus 2025ko eka. 23a, 13:35

BDZ-Bizkaiko nodoa eta Bilbo-Palestina Herri Ekimena elkarteak Plentziako Metro geltokia era sinbolikoan okupatu zuten pasa den larunbatean, hilak 21, Israeli boikota egiten jarraitu beharra dagoela aldarrikatzeko.

Plentziako Metro geltokia era sinbolikoan okupatu zuten pasa den larunbatean, hilak 21. Hamarnaka pertsona bildu ziren berriro ere Israeli boikota egiten jarraitu beharra dagoela aldarrikatzeko, Palestinako gizarte zibilak behin eta berriro eskatu duen bezala. Izan ere, Metro Bilbaok I-SEC Aviation Security S.L.Israelgo segurtasun-enpresa kontratatu du Plentzia-Lutxana zatian bere instalazioak eta material mugikorra zaintzeko.

BDZ-Bizkaiko nodoa eta Bilbo-Palestina Herri Ekimena elkarteak mobilizazioan egon ziren , egoera hau salatzeko eta Metro Bilbaok Palestinaren kontrako proiektu sionistarekiko duen konplizitatea agerian uzteko. “Euskal instituzioek Israelgo enpresekin eta ordezkariekin dituzten mota guztietako harremanak eten behar dituzte”, adierazi dute elkarteek, eta are gehiago estatu sionistak Gazan genozidioa egiten eta Zisjordanian eskubideak etengabe urratzen jarraitzen duen testuinguru honetan.

Gogoratu dute I-SEC Aviation Security enpresa ICTS International konpainiaren filial nagusietako bat dela. ICTS International-en jarduera nagusia segurtasunaren arloko produktuak, aholkularitza eta zerbitzuak dira. 1982an sortu zen, Shin Bet Israelgo Segurtasun Zerbitzu Orokorreko kide ohi batzuen eta Israel Airlines konpainiako segurtasun agente batzuen eskutik. I-SEC enpresako zuzendari nagusia Rom Shaked abokatu israeldarra da. Esperientzia handia du Israelgo Armadan. Israelgo Armadan eta Inteligentzia Zerbitzuetan aritutako hainbat kidek sortutako enpresa izanik, elkarteek adierazi dute Israelek Gazan eta Palestina osoan egindako eraso militarretan inplikazio zuzena daukala.

Horren aurrean, kontratazioa oso ekimen larria dela salatu dute, Metro Bilbao era zuzen batean genozidioan parte hartzen ari den agente batekin harremanean jartzen delako. “Berdin zaie Metro Bilbao-ko zuzendaritzari eta haren partaide diren Bizkaiko Foru Aldundiari, Bizkaiko Garraio Partzuergoari eta Eusko Jaurlaritzari”, argitu dute, izan ere, ez dute ukatzen, eta “ez daude egoera honi irtenbide bat emateko prest”.

Elkarteek ehunka salaketa indibidual jarri dituzte azken asteotan baina esaten dutenez, “ez dute egoerari irtenbide bat emateko borondate politikorik”. Aitzakia legal eta ekonomiko batzuen atzean ezkutatzen direla salatu dute: “bitartean, euskal herritarron dirua Israelen politika genozidaren konplize diren enpresa eta erakundeetara bideratzen jarraitzen dute,hainbat arlotako kontratazio, lankidetza edo adjudikazioen bidez”, gaineratu dute.

BDZ-Bizkaiko nodoak eta Bilbo-Palestina Herri Ekimena elkarteak dei egin dute dinamika honi lotzera eta izango diren beste mobilizazioekin eta salaketekin bat egitera.