Gaur hasiko da Zinegoak Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdia. Inaugurazio-gala Arriaga Antzokian izango da eta bertan Esanezinen emanaldia, Aner Peritz bertsolariaren parte-hartzea eta Sara Fantovaren Jone, batzuetan filmaren aurre-estreinaldia izango dira. Galan Zinegoak 2025eko Ohorezko Saria emango zaio Zero Chou zuzendari eta zinegile taiwandarrari. Osasun kontuak direla eta, Chouk ezin izan du Bilbora joan, eta bere izenean Hoho Liu bere hainbat filmetako argazki-zuzendariak jasoko du. Aste honetan zehar Zero Chouren filmografiari buruzko atzera begirakoa eskainiko dute jaialdian.
Gaur egindako agerraldian Alaitz Arenzana Zinegoakeko zuzendariak azpimarratu du Zero Chou Taiwango zinema garaikidean eragin eta konpromiso handienetakoa duen zinemagilea dela, eta sariarekin bere ausardia, talentua eta mugak gainditu, estereotipoak hautsi eta mundu bidezkoago eta inklusiboago bat sustatzen duen zinema sortzeko dedikazioa aitortu nahi diote.
Zero Chou bere zinema moldeak eta generoak apurtzeko duen gaitasunagatik bereizten da, istorio errealistak eta intimoak drama historikoekin, thrillerrekin eta melodramekin konbinatuz, betiere estetika bizi eta zainduarekin. Chouren lana, bisualki txundigarria izateaz gain, queer esperientzien irudikapenarekin ere oso konprometituta dago, batez ere euren testuinguruan, non gai horiek oraindik ere erresistentzia eta kontserbadurismoari aurre egiten dioten.
Tongzhi trilogiak berebiziko garrantzia izan du Asiako LGBTQ+ istorioak ikusarazteko. Film hauek maitasun-harremanetatik eta identitateetatik gizarte-borroketaraino heltzen dira, mugak gainditzen dituen irudikapen- eta enpatia-espazio bat sortuz. Horiek guztiak zuzendariari eskainitako atzera begirakoaren parte izango dira eta Bilbon ikusi ahal izango dira.
“Zero Chou ahots ausarta izan da eta bada berdintasunaren eta LGBTIQ+ eskubideen aldeko borrokan zinemaren eta telebistaren industrian, tradizionalki kontserbadorea izan den sektorean”, nabarmendu du Zinegoakeko zuzendariak, izan ere, saridunaren hitzak gogorarazi ditu Arenzanak: “bere helburua etorkizunean LGTBIQ+ etiketa beharrezkoa izateari uztea da, berdintasunak eta justizia sozialak unibertsalak izan behar dutelako”.
Chouren atzera begirakoaren emanaldiak ekainaren 24an eta 25ean izango dira, 19:30ean, Golem zinemetan. Drifting Flowers eta Splendid Float proiektatuko dira.