Aste Nagusiak baditu bere txupinera eta pregoilaria

uriola.eus 2025ko eka. 25a, 17:37

Doctor Deseo taldearen abeslaria izango da pregoilaria eta Txori Barrote Konpartsako kidea den Olatz Agirre txupinera. 

Aste Nagusiak baditu jada datorren abuztuaren 16tik 24ra Marijaiarekin batera jaietan jardungo diren bi pertsonen izenak.

Batetik, Francis Díez Rojo, Doctor Deseo taldearen abeslaria, pregoilaria izango da; Udalaren Jaietako Batzorde Mistoak aho batez aukeratu du pregoia irakurtzeko. Francis Díez Uribarrikoa da, euskal musika eszenako figura esanguratsuetako bat da. Doctor Deseo taldearen buruan, emozioz, indarrez eta poesiaren bidez bete ditu agertokiak hamarkadetan zehar. Bilboren eta bere Aste Nagusiaren miresle sutsua, bere burua "jostari eta alaia" bezala definitzen du.

Bestetik, Olatz Agirre Sagarna, aldiz, Txori Barrote Konpartsakoa eta Bilboko Konpartsek izendatua, aurtengo Txupinera izango da. 1969an jaio zen eta Santutxukoa da, hala ere, gaur egun, Alde Zaharrean bizi da. Delineatzailea da ogibidez eta Bilboko Udalean lan egiten du. Eskulanak, sukaldaritza eta baratzezaintza ditu zaletasun, eta 17 urteko ibilbidea du konpartsako kide gisa.