Palestinarekin Elkartasuna Herri Ekimenak Israelek AEBren laguntzaz eta mendebaldeko potentzien konplizitatearekin Iranen aurka abiatu duen ofentsiba salatzeko, eta Irango herriarekiko elkartasuna erakusteko mobilizatzera dei egin du gaur eta bihar, ekainaren 26 eta 27an Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Bilbon, bihar izango da, 19:00etan Areatzan.
Pasa den astean, ekainaren 13an, Israelek Irango hainbat buruzagi militar eta programa nuklearreko gutxienez 9 zientzialari erail zituen. Harrezkero, 400 zibiletik gora erail dituzte eta 3000tik gora zauritu eragin. Estatu Batuek, bere aldetik, Iranen azpiegitura nuklearra bonbardatu dute, indar handiko bonbak erabiliz.
Ekintza berri hauek Israelen eta mendebaldeko inperialismoaren izaera terrorista eta suntsitzailea azpimarratzen dutela argi du Palestinarekin Elkartasuna Herri ekimenak, izan ere, “zigorgabetasun osoz” eraman dituzte aurrera inguruko herrialdeen kontrako erasoak, bonbardaketa masiboak eta erailketa selektiboak.
Tentsioa areagotzea
Gertakari hauek guztiek Asia Mendebaldeko egoera “zeharo” tentsionatu dute eta eskalada militarra areagotu egin da. “Iran mehatxu gisa aurkeztu nahi du Israelek munduaren aurrean, arma nuklearra lortu nahi duela argudiatuz”, azaldu du Herri Ekimenak, ahaztu gabe estatu sionistak arma nuklearrak badituela, eta bakarra izaten jarraitu nahi duela, abantaila militarra izateko.
Gainera, adierazi du Irango azpiegitura militar eta energetikoak erasotzeak erakusten duela Israelen benetako helburua Iran desegonkortzea dela. Iranek, bere aldetik, erasoari erantzun dio eta hainbat misil jaurti ditu. Erantzun hau defentsiboa dela azpimarratu du Herri Ekimenak. Ildo beretik, sionismoaren aurkako borrokan, Palestinar erresistentziaren babes garrantzitsua izan da Iran, eta hortaz, kontraerasoak ospatu dituzte hainbat palestinar fakziok.
Estatu sionistaren oldarraldi berri honen aurrean, mendebaldeko gobernuek Israelen defentsarako eskubidea aldarrikatu dute. “Ia bi urtez ikusi dugu nola “defendatzen” den Israel populazio zibila gupidarik gabe erasotuz, ospitaleak eta eskolak bonbardatuz, hamarnaka mila eraildako zuzen eraginez, gehienak haurrak, eta milioika pertsonaren gosetea hedatuz”, azpimarratu du, eta gainera, argi du operazio honek hasieratik NATOko herrialdeen eta bereziki AEBen laguntza eta onespena jaso duela.
Israel eta Mendebaldeko potentzia inperialistak dira errudun gisa seinalatu beharrekoak. “Honek guztiak, halabeharrez, Israelgo entitate sionista desegiteko beharra aldarrikatzera garamatza. Proiektu kolonialak desagertu behar du, ez da beste alternatibarik”, gaineratu du.
Beraz, Israelgo entitate sionistak Iranen kontra abiatutako ofentsiba eta Amerikako Estatu Batuek larunbat gauean egindako erasoa salatuko dituzte bihar, ekainaren 27an, Bilboko Areatzan, arratsaldeko 19:00etan. Gainontzeko Hego Euskal Herriko hiriburuetan ere mobilizatzeko deia egin dute. “Israelen inpunitateari aurre egin behar diogu, eta sionismoari aurre egiten dieten herrien erresistentziarako eskubidea aldarrikatzea dagokigu” adierazi du Palestinarekin Elkartasuna Herri Ekimenak.