Ekainaren 28an, LGTBIQ+ Harrotasunaren eta Sexu Askapenerako Nazioarteko Egunean, berriz ere kalera aterako dira, sexu askapena eta harrotasuna aldarrikatzera. E28 Koordinadorak manifestazioa deitu du: “Ekainaren 28a borroka eguna izaten jarraitzen du, eta horregatik, aurten ere, antolakuntzara eta borroka kolektibora dei egiten dugu”. Kasillatik irtengo da 12:00etan.
E28 Koordinadorak gogorarazi du eurak direla harrotasuna, eta harrotasunaren manifa eurak antolatutako manifestazioa dela, hamarkadetan zehar ikusi izan denez. “Ez da EAJren txiringito batek antolatutako eta Ertzaintzak bebestutako karroza desfilea”, adierazi du.
Ehgamek, Euskal Herriko Herriko Sexu Askapen Mugimenduak, bat egin du manifestazioarekin eta ozen aldarrikatuko dute harrotasuna borroka dela, eta sexu- eta genero-disidente izatea borrokarako indar eta palanka bihurtu behar dutela: “Harrotasuna, izango bada, beste jendarte eta mundu bat eraikitzeko indarra izango da, zapalkuntza orori aurre egiteko bultzada”. Izan ere, genozidio bat aurrera eramaten ari diren unean palestinar erresistentziarekin daudela aldarrikatuko dute, eta exijituko dute hemengo instituzio eta enpresek Israelekin duten kolaborazio oro eteteko.
Faxismoaren aurka, amorru disidentea antolatu
Mundu mailan ideia faxistak zabaltzen ikusten ari direla ikusten daude eta gorakada hori beldurra eragiten dabil, baina erresistitzeko prest daude: “Beldurra baino askoz handiagoa da sentitzen dugun amorrua”. Hala ere, ez dute nahi erresistentzian geratu eta daukatena babestearekin konformatu: “Erreakzionarismoari eta faxismoari disidentzia gehiagorekin erantzutera goaz, jendarte eredua errotik eraldatzea bilatzen duen borrokarekin”, nabarmendu du Ehgamek. Genero- binarismoa eta erregimen heterosexuala irauli nahi dituzte
Faxismoaren zabalkunde horren aurrean, instituzioek borrokaren merkantilizazioa eskaintzen dute, eta horren adibide seinalatu dute erakundeek bultzatutako Bilbao Bizkaia Harro jaialdian, “non gutxietsi eta iraindu egiten den hamarkada hauetako LGTBIQ+ borroka”. Gainera, ekimen mota hauek hirien turistifikazioa, espekulazioa, etxebizitzaren garestitzea, lanaren prekarizazioa eta pobretzea baino ez dakartela salatu dute.
Sexu askapenaren aldeko borroka
Egunarekin batera, aldarrikatzen duten askapenak neoliberalismoak eskaintzen duen “askatasun” indibidualaren ideiarekin zerikusi gutxi duela azpimarratu dute. Izan ere, kapitalak eskaintzen duena kontsumoan oinarritzen den “askatasuna” da: “Askatasunaren ideia horrek gehiago babesten baitu diruaren mugitzeko askatasuna LGTBIQ+ pertsonon askapena baino.
Horren aurrean, ozen diote euren askapena ez dela izango askapena, “guztiona ez bada”: “Ez dago askapenik migranteak, arrazializatuak, sexu-langileak, langile pobretuak... kanpo uzten badira. Esplotazioan, arrazakerian eta desjabetzean oinarritzen den ereduan ez dago ez askapenik, ez egiazko askatasunik”.
Sexu askapenaren aldeko borroka aldarrikatuko dute, eta norberak bere generoa autodeterminatzeko eskubidea, norberak bere gorputza nahi bezala moldatzeko eskubidea, eta norberak bere desirak nahi bezala bizitzeko eskubidea duela, modu ez-normatibo eta ez-monogamoetan, bikotearen eta familiaren egituratik haratago ere bai.
Borroka hauek guztiak eraldaketa sozial eta kolektibo baten barruan baino ez direla gauzatuko badakitelaa argitu du Ehgamek. “Nahitaezkoa dugula sistema kapitalista, patriarkal, zisheterosexista eta koloniala iraultzea askapena guztiona izango bada”, gaineratu du mugimendua, eta horregatik uste dute inoiz baino beharrezkoagoa dela trans, bollera, marika, bisexual, intersexual, ez-bitar, asexual, sexu-langile eta gainontzeko gorputzen arteko sareak eraikitzea, elkar hartuta aritzea, eta gainontzeko mugimenduekin, gainerako desjabetuekin batera ere erresistentziarako aliantzak jostea.
“Palestinaren kontrako genozidioak markatutako sasoi honetan, gerra hotsak gero eta ozenago eta faxismoa gero eta ageriago, antolatu dezagun amorru disidentea”. Ekainaren 28an dena dute aldarrikatzeko: Faxismoaren aurrean, kolonialismoaren aurrean eta transfobiaren aurrean, lehen lerroan izango dira.