Transfobia borrokatzeko ardura koletiboa aldarrikatu dute

uriola.eus 2025ko eka. 28a, 15:36

Bilboko kaleak transfobia borrokatzeko bete dira. Ekainaren 28ko manifestazioaren arratsaldeko ohiko ordutegian Bilboko Udalak BBK RIA antolatu du, hori dela eta, aurten, lehen aldiz, eguerdiko 12etan deitu dute manifestazioa. Manifestariak espazioari sartu dira eta BBK RIA boikoteatzeko deia egin dute.

Sexu- eta genero-askapenaren aldeko Harrotasun eta Borrokaren Egunean hamarnaka pertsona kalera atera dira Harrotasuna politikoa dela eta beti izan dela aldarrikatzeko. E28 Koordinadorak deitutako mobilizazioan argi utzi dute harrotasuna ez dela festa bat, protesta bat baizik. Aurten transfobian jarri nahi izan dute arreta: “Azken aldi honetan gorakada handia izan duen indarkeria mota bat delako”, adierazi du E28 Koordinadorak.

Beraz, Transfobiaren aurka, borroka kolektiboa lemapean, eguerdiko 12:00etan abiatu da manifestazioa La Casillatik. Tenperaturak 30 gradu gainditu dituen arren, ez du LGTBIAQ+ komunitatea gelditu. LGTBIAQ+ komunitatearen banderez eta abanikoz betetako manifestazioak Autonomia kalea zeharkatu du, eta ibilbideak San Frantzisko auzotik jarraitu du sexu-lana lana dela aldarrikatzeko. Oihu hauek hartu dituzte Bilboko kaleak, besteak beste: “Transmaribibolloak hemen gaude”, “Harrotasuna ez dago salgai”, “Zuen biolentzia, gure erresistentzia” eta “Erasoen aurrean autodefentsa”.

Udaletxera iritsi baino lehen BBK RIA espaziora sartu dira manifestariak, ETS taldeko Iñigo abeslaria soinu froga egiten zegoen bitartean,  eta BBK RIA boikoteatzeko deia egin dute. Bertan, txistuez aparte oihu hauek entzun dira: “BBK RIA, lotsagarria” eta “Lotsa emango lidake BBK RIAk”. 14:00ak aldera iritsi dira Udaletxera. Irakurketarekin hasi baino lehen AZET Etxebizitza Sindikatuak hitza hartu du eta azken egunetako etxegabetzeak salatu ditu. Era berean, gogorarazi dute uztailaren 7an beste etxegabetze-saiakera bat egongo dela San Frantziskon. Beraz, antolakuntzari eta borrokari dei egin diote.

Bukaerako irakurketan adierazi dute transfobia faxismoaren eta kolonialismoaren zerbitzura dagoen indarkeria dela: “Izan daitekeenaren ideia bakarra ezartzen du eta ideia horrekin bat ez datorrena zigortzen du”. Argi utzi dute politika transfoboak eta transmisoginoak, trans pertsonen aurkako indarkeria mediko eta instituzionala eta TERF diskurtsoa makineria faxistaren beste adierazpen bat direla.

Horrekin batera, Gurutzetako Ospitaleko Genero Identitateko Unitateak eragiten duen indarkeria salatu dute, izan ere, “unitate horrek bere erabiltzaileak patologizatu eta arreta ukatzen dituen barne protokolo bat jarraitzen du”. Jo-puntuan jartzen dituzten diskurtsoak salatu dituzte: “TERFak ez dira feministak, transfoboak eta putofoboak dira, jasaten ditugun indarkerien konplizeak, alegia”. 

“Transa, ez bitarra, trabestia, queer-a, sexu-langilea… izatea ez da arrisku bat” aldarrikatu dute, eta arriskutsua dena bizitza adigarri bat nork izan dezakeen eta nork ez erabakitzen duen sistema batean bizitzea dela nabarmendu dute. Gauzak horrela, langile-klaseari eskatu diote gai honekiko posizionamendu argia hartzea.

Irakurketan ez dituzte ahaztu 2025ean homosexualitatea gogor zigortzen duten 64 herrialdeetan jatorri kolonialeko legeak. Gainera, mundu mailan trans eskubideek atzera egin dute, eta diskurtso transfoboak instituzionalizatu egin dira. Gaur egun ere badira kolektiboko kide izateagatik jazarpenetik eta indarkeriatik ihes egitera behartuta migratzen duten pertsonak. 

 

Aski da turistifikazioarekin: boikota BBK RIAri

E28 Koordinadorak instituzioak seinalatu ditu: “Udalak gure hirian makroekitaldi gehiago egitea erabaki du ekainaren 28aren testuinguruan, itsasadarrean BBKren hamar urteak "ospatzen" dituzten kontzertuen bidez”. Ekainaren 28ko manifestazioaren arratsaldeko ohiko ordutegian izango dira kontzertuak. Hori dela eta, aurten, lehen aldiz, eguerdiko 12etan deitu dute manifestazioa, arratsaldez egin beharrean. “40 urte baino gehiago kaleak hartzen daramatzagun sexu eta genero talde eta indibidualtasun disidenteak bazterretara kanporatu gaituzte berriro ere”, salatu dute.

Makroekitaldi horiek turistifikazio-estrategia baten parte direla azpimarratu dute, eta sexu- eta genero- disidenteen mugimenduari egiten diote boikota. Horren aurrean, pentsamendu kritikoa izatera deitu dituzte pertsona guztiak, bereziki sexu eta genero talde disidenteari, baita gaur itsasadarrean jotzeko kontratalu dituzten talde eta artistei ere. Goizeko manifestazioan BBK RIA espaziora sartu dira, ETS taldeko Iñigo abeslaria soinu froga egiten zegoen bitartean,  eta BBK RIA boikoteatzeko deia egin dute. Bertan, txistuez aparte oihu hauek entzun dira: “BBK RIA, lotsagarria” eta “Lotsa emango lidake BBK RIAk”. 

E28a kaleak hartu eta geure buruak aldarrikatzeko eguna izaten jarrai dezan, ez dezagun utzi BilbaoBizkaiaHarro, Kutxabank eta Udalak gure espazioak eskura ditzaten.

 

Aldarrikapen zehatzak

Irakurketak transfobiaren aurkako aldarrikepenak egiteaz aparte, E28 Koordinadorak ez du ahaztu, beste batzuen artean, palestinar erresistentzia: “Boikot Israel, Palestina askatu” ozen entzun dira oihuak. Euskal Herriko, Espainiako eta Europako erakunde eta enpresen konplizitatea salatu dute apartheid erregimenarekin eta Israelen okupazioarekin.

Arrazismoari ere tartea eskaini diote: “Ez dago harrotasunik pertsona migratuak eta arrazializatuak jazartzen eta kriminalizatzen diren bitartean”. Sarekada arrazistekin, arraza-profilaren araberako kontrolekin, espazio publikotik kanporatzeekin, eta praktika horietako askoren arduradun eta aurten Bilbao Bizkaia Harro babesten duen Ertzaintzarekin nazkatuta daudela aldarrikatu dute. “Inor ez da ilegala” oihukatu dute.

Memoria historikoa ere ekarri dute gogora: “ez dugu ahazten gaurko eguna errebolta batetik jaio zela”. 1969an, Stonewallen, bi sexu-langileek, trans ekintzaile beltz eta marroiekin batera, queer pertsonenganako polizia indarkeria sistematikoaren aurka lehen harria jaurti zuten. Errebolta horietako sexu langileek papera nabarmendu dute, izan ere, historikokiko bigarren maila batean geratu direla aipatu dute. Gainera, azken urteotan sexu-langileak klandestinitatera eta prekarietatera are gehiago eraman dituzten jazarpenak eta lege aldaketak pairatu dituztela salatu dute. “Horregatik garrantzitsua da haien borrokaren alde posizionatzea”, nabarmendu dute. Era berean, ez dute ahaztu, gaur egun, Estatuaren indar errepresiboak direla langile-klase disidentearen, arrazializatuaren eta prekarizatuaren aurka oldartzen jarraitzen dutenak.

Azkenik, krisia dagoenean, kapitalismoak hartzen duen forma faxismoa dela adierazi dute: “Ez da kasualitatea arrazakeria eta transfobia bere adierazpen nagusiak izatea”. Horren adibide dira deportazioak eta poliziaren indarkeria, palestinar herriaren aurkako genozidioa, mundu-mailako politika transfoboen gorakada, ekozidioa eta herri-indigenen subiranotasunaren eta lurren aurkako erasoak dira oraindik ere kolonialismoak dituen jarduteko moduak. 

Bizkaiko E28 Koordinadoratik dei egin du eurekin batera altxatzeko, antolatzeko, espazioak okupatzeko, kaleak hartzeko eta erasoei eta faxismoari aurre egiteko. “Desmunta dezagun instituzioa eta ken diezaiogun mozorroa, ez daitezela gure aldarrikapenez jabetu”, oihukatu dute. Harrotasuna zapalduen indar kolektiboa, kalearena eta eurena dela aldarrikatu dute.