EAEko Autonomi Erkidegoko egituraketa juridikoa, Gernikako Estatutu gisa ezaguna dena, eztabaidagai omen da eta bertan, besteak beste, euskararen estatus juridikoa eguneratu beharko dute. XXX taldearen aldarrikapena oso argia da, estatus juridiko berri horren muga ezin du PSE-EE moduko alderdi euskarafobo batek ezarri.
EAJ, EH-Bildu eta PSE-EE ezkutuan ari dira EAEko autonomi estatutua berritzen eta, beraiek esandakoaren arabera, prozesu horretan akordiotik hurbil izan daitezke. Bada, euskararen alorrean, EAJren eta EH-Bilduren abiapuntua PSE-EErekin aurreakordio batera iristea baldin bada euskaldunok jai dugu, aurrerantzean ere euskara bigarren mailako hizkuntza izaten jarraituko baitu eta, ondorioz, gaztelaniaren erabateko inposaketa pairatzen jarraitu beharko baitugu.
Euskal Herriko hiru lurralderen egituraketa juridikoa aldatu behar bada, bi modutan egin daiteke. Lehena, PSE-EErekin aurreakordio bat bilatuta eta PSE-EEk onargarritzat ematen dituen mugen barnean, ondoren Madrilen Legebiltzarrean adostutakoa baieztatu dadin. Bada bigarren aukera bat ere, gizartea aktibatzen saiatu daiteke, euskaltzaleon irrikak jaso eta EAEko Legebiltzarrean ustez gehiengoa daukaten alderdi abertzaleen akordioa bilatuta, eta herri aktibazio horren bidez Madrilen eta PSE-EEren mugak gainditzen saiatzea. Itxura du lehena aukeratu dutela, ezkutuan aritzeak helburu hori bakarrik izan baitezake.
Diskrezioa balio garrantzitsua da edozein harremanetan, konfiantza eraikitzeko ezinbestekoa da eta. Baina negoziaketan bakoitzak zein helburu dauzkan eta herritarrekin aurretik konpromisoak hartu gabe aritzeak beste helburu bat du, gizartearen desaktibazioa eta elite politikoen artean inongo trabarik gabeko eta eraldaketa nabarmenik gabeko akordioa, hain zuzen. Ondoren azalduko digute lor zitekeen akordiorik onena zela, aukera leiho bat irekita dagoela, testuinguru politikoa probestu beharra zegoela...
Egun indarren den egituraketa juridikoak euskarari bigarren mailako ofizialtasuna eskaintzen dio. Hizkuntza ofizial bakarra dago, gaztelania. Horregatik legez derrigorrez ikasi beharreko hizkuntza bakarra gaztelania da, horrek dauzkan ondorio juridiko eta praktiko guztiekin. Ofizialtasun eta supremazismo horrek dakar administrazio publikoetan lanpostu guztietan exijitzen den hizkuntza bakarra gaztelania izatea, horregatik komunikabideen %95ek gaztelaniaz egiten dute, horregatik ez dago aisialdirako eskaintzarik euskaraz edo horregatik dira pantailak erdaldunak.
Gaztelaniaren inposaketa hori naturalizatuta eta normalizatuta dago alderdi politikoen aldetik. Alderdi politikoek 78ko erregimena hizkuntza arloan ez dute zalantzan jartzen. Gaztelaniaren ezagutza unibertsala ez da hautu libreen ondorio, mendeetako zapalkuntza batena baizik. Espainiako Konstituzioaren 3. artikuluak hori erreproduzitzeko tresna juridikoa eskaintzen du, besterik ez. Gaztelania derrigorrezkoa izatea eta beste hizkuntzak hautazkoak funtzio hori betetzen du, hizkuntza komun bakarra izatea. Frantziako Konstituzioak babes bera ematen dio frantsesari beste hizkuntza guztien aurka.
Euskaldunok euskaraz bizitzeko aukera bakarra dugu, euskararen lurraldean hizkuntza nagusi bilakatzea eta horretarako baldintza juridiko, politiko eta sozialak sortzea. Ziurrenik estatuan ez da alderdi politikorik izango honetarako prestutasunik duenik, eta Espainiarekin puskatzea eta estatu propioa izatea da euskarak bizirauteko edo euskaraz bizi ahal izateko aukera errealista bakarra. Inork frogatu nahi balu kontrakoa posible dela, Gernikako Estatutuaren berrikuntzan euskararentzat gaztelaniak dituen berme juridikoak exijitu beharko lituzke.
Eta, bestetik, euskaldun orok bere bizitzako funtzio guztiak euskaraz egin ahal izateko eskubidea ere jaso beharko lituzke estatutu berri batek; araugintza sektorial oro horren arabera moldatu eta egun euskaldunok euskaraz bizi ahal izateko jasaten dugun diskriminazio oro gainditzeko. Esaterako: Euskal Herrian euskara ikasi ahal izateak erabat doakoa behar luke eta langile orok behar luke euskara ikasteko denbora bermaturik izatea lanordutan; hezkuntza sistemak euskara behar luke irakas-hizkuntza bakarra euskararen ezagutza transmititu ahal izateko (gaztelaniaren ezagutza bermatuta baitago), komunikabide orok bermatu beharko luke euskarazko gutxieneko emisio eta publikazioa, pantailak euskaraz izatea bermatu beharko litzateke, komunikabide publikoek euskara izan beharko lukete ardatz...
Herri akordioen izenean PSE-EEri beto eskubidea onartzeak hizkuntza zapalkuntza zuritzea lekarke eta iruzur politiko argia litzateke. Zapalkuntza egoera ezin da bake sozialaren bidez erreproduzitu. Alderdi abertzaleekiko gutxieneko eskaria hori da, eman diezagutela herritarroi aukera gure hizkuntza eskubideen alde presio egiteko. Madrilen PSOE boterean izan edo PP izan, herri-borondatea da eraman behar duguna.
Adrian Zelaia eta Edurne Alegria
Euskaltzaleen Foroko kideak