BBK Live jaialdiko lan-baldintza “negargarriak” etengabe salatu du hainbat urtez ditu Bilboko Kontseilu Sozialistaren Laneko Autodefentsa Sareak (LAS). Hori dela eta, LASek hainbat ekimen abian jarri ditu jaialdiaren barruan gertatzen dena argitara emateko baita horri eusten dioten egiturak argitara emateko ere: Last Tour sustatzailetik hura babesten duten instituzio publikoetaraino.
Salaketa lan-, kultura- eta politika-ikuspegitik sakontzeko asmoz, Sareak Zer ezkutatzen dute makrojaialdiek? solasaldia antolatu du datorren asteazkenean, uztailaren 2an, 18:30etan, Bilboko Areatzako Tinglatuetan. Solasaldian BBK Live jaialdiarekin eta beste hainbat jaialdirekin lotutako lan-baldintzak, Last Tour-ren eragin kulturala, eta erakunde publikoekin dituen loturak aztertuko dituzte.
Mahaian, alde batetik, LASeko kideak izango dira, jaialdiaren eta makrofestibalen funtzionamenduarekin lotutako lan-gatazken irakurketa osatzeko. Bestetik, Aurka kolektiboa ere izango da, zeina hainbat diziplinatako artista biltzen dituen plataforma den. Kasu honetan, Aurkak jaialdi honek eta Last Tourrek kultur eszenan izan dituzten ondorioak aztertuko ditu.
Lan-baldintza “negargarrien” erantzuleak
Garatutako kanpainen bidez, Sareak agerian utzi nahi izan du Last Tour Estatuko promotora handienetako bat dela, boterea eta eragina etengabe metatzen doana, izan ere, urtean gutxienez 100 milioi euroko fakturazioa ditu. “Last Tourrek harreman zuzena du jaialdi eta musika talde ugarirekin, eta Hirian edota Herrian bezalako doako ekitaldiei esker irudi publiko positiboa islatzea lortu izan du”, adierazi du LASek. Baina balizko irudi atsegin horren azpian, Sareak errealitate askoz gordinago bat dagoela salatzen du, besteak beste: lan-abusu normalizatuak, kontratuz kanpoko ordainketak, aparteko orduak ez ordaintzea eta atsedenik gabeko 15 ordura arteko lanaldi amaigabeak.
Laneko Autodefentsaren Sareak argi utzi nahi du Last Tourren onurak langile-klasearen zuzeneko esplotazioan eta kultur industriaren monopolizazioan baino ez direla oinarritzen. Egoera hau instituzio publikoek eta politikari profesionalek Last Tourri ematen dioten onurazko tratuaren ondorio zuzena dela azpimarratu du.
LAS-ek salatu du Bilboko Udalak 1,5 milioi euro bideratzen dituela BBK Live jaialdira, Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak promotoraren eskura jartzen dituzten erraztasun ugariez gain, ekitaldia ustekaberik gabe egin dadin.