Between Goodbyes dokumentalak irabazi du Zinegoak 2025 Sari Nagusia

uriola.eus 2025ko uzt. 1a, 10:23

Bilboko Zinegoak Sari Nagusia Jota Munen Between Goodbyes dokumentalari eman zioten atzoko jaialdiaren itxiera galan. Mónica Taboada Tapiaren Alma del desierto lanak aipamen berezia jaso du.

Zinegoak Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiak amaiera eman zion atzo, ekainak 30, egindako itxiera ekitaldian. Horretan, 2025eko edizioaren palmaresa jakinarazi zuen. Zinegoak Sari Nagusia, EITBk babestua eta 4000 euroko balioarekin, Jota Munen Between Goodbyes dokumentalak irabazi du. Epaimahaiak aipamen berezia egin dio Mónica Taboada Tapiaren Alma del desierto lanari ere.

Between Goodbyes dokumentalak Maike izeneko queer pertsona baten historia kontatzen du, Koreako jatorria duena eta Herbeheretako familia batean adoptatua izan dena. Epaimahaiak nabarmendu du saria eman diola, batez ere, pertsona adoptatu baten jatorrirako bidaia gogor eta sendagarri bat kontatzeko erabiltzen den trebetasun eta edertasunagatik. “Esperientzia intimo eta pertsonal batetik abiatuta, adopzio transnazionalek zeharkatutako kolektibo oso baten historia kontatzen du", adierazi du.  

Film luze honek Lesbianismo eta Genero saria ere irabazi du, 1500 euroko balioarekin, Bilboko Udaleko Berdintasun Arloak babestua. Epaimahaiak baloratu duenez, "erromantizismoa eta nazioarteko adopzioaren idealizazioa desmuntatzen eta protagonistek aurrean dituzten ondorio emozionalak erakusten du”.

Mónica Taboada Tapiaren Alma del desierto lanari epaimahaiak aipamen berezia egin dio trans emakume baten borrokaren erretratu “eder eta hunkigarria” azpimarratuz, sistemak aitortua izateko eta, horrela, bere oinarrizko eskubideak erabili ahal izateko. Film honek Aniztasun eta Giza Eskubideen Saria ere irabazi du, 3000 euroko balioarekin.

 

Beste hainbat sari

FIK kategoriari dagokionez, film irabazlea Rohan Parashuram Kanawaderen Sabar Bonda filmarentzat izan da. Indiako landa eremu ez exotikoan maitasun “zaindua, atsegina, idilikoa eta erlaxatua” irudikatzen duen filma da. Narratiba berriekin lotutako KRAK sailean, Santiago Posadak zuzendutako Brigitte, Planeta B lana gailendu da, "queer ekologiaren erreferente handia den Brigitte Baptiste zientzialari kolonbiar, ingurumen-lider eta trans ikonoaren profil konplexu eta intimoa eraikitzeagatik".

Publikoaren saria, 1000 eurotan baloratua, Angel Morales Ballestaren Arrecife film laburrarentzat izan da, trans gazte batek bere amamarekin duen harremana kontatzen duena.

Epaimahai gaztearen saria Amélie Hardyren Hello Stranger filmarentzat izan da: "Trans bizipenak lehenengo planoan jartzen dituelako eta azpimarratzen duelako garrantzitsuena dela bakoitzak bere burua onartzea, kontuan hartu barik presio zisheteropatriarkala".

Epaimahai seniorrak, bestalde, Nuria Vil eta Alba Dominguezen Delincuente film laburra saritu du. Euskal Aktoreen Batasuneko epaimahaiak Sandbag Dam-en Lav Novosel filmari eman dio Fikziozko Film Luzeen Interpretazio Protagonista Onenaren saria, "bere berezkotasunagatik, freskotasunagatik, sentikortasunagatik eta bizitza etengabe transmititzeko moduagatik".

Azkenik, ZiNaizen saria, 1000 eurokoa eta EITBk babestua, Markel Zoraquiainentzat izan da, Merezco que me quieran lanagatik.