OPA Herri Plataformak uste du Eusko Jaurlaritzak Osasunaren Euskal Ituna “modu faltsuan” itxi duela. Hamar hilabeteko negoziazio prozesua “porrota” izan dela adierazi du, izan ere, osasun publikoaren egiturazko arazoak konpondu gabe jarraitzen dute, pribatizazio-ikuspegia eta lankidetza publiko-pribatuaren politikak mantentzen dira, eta uko egiten zaio pribatizatutako zerbitzuak berreskuratzeari. Gainera, inbertsioa eskasa eta ospitaleetan oinarritutako eredua indartzen dela esan du, Lehen Mailako Arreta ahulduz, osasun sistema sendo eta bidezko baten oinarria dena.
Plataformak aurre egin nahi die Osasun Sailburuaren adierazpen “triunfalistei eta propagandistikei”: “Zaila da akordio historikoaz edo adostasun zabalaz hitz egitea, Ituna Eusko Jaurlaritzatik kanpoko alderdi politiko gehienek eta osasun sektoreko sindikatu gehienek baztertu dutenean”. Benetako irtenbide gutxi eskaini dituztela argitu dute, titular handiak lortzeko “makillaje ukitu arinak” baino ez.
Osakidetzako langile guztiak ordezkatzen dituzten sindikatuek baldintza duinak eskatzen dituzte, langile egonkor eta nahikoa izateko. Eusko Jaurlaritzak, legegintzaldi osoan zehar, horri uko egin diola azpimarratu du OPAk.
Hasieratik, herritarren plataformak oso kritikoak izan dira Itunarekin. Osasun publikoaren aldeko plataformak, pentsiodunen mugimenduak, talde feminista eta ekologistak, egoitzetako senideen elkarteak eta osasunaren arloan eskumenak dituzten erakundeak (foru aldundiak eta udalak) baztertzea salatu dute. Era berean, metodologia gardentasunik gabea eta antidemokratikoa erabili dutela nabarmendu dute: “Pribatizazioaren aldeko irizpideak inposatzeko aukera eman duena, lan-talde batzuetan bozkatu zenaren aurka ere”.
Hori guztia edukirik gabeko prozesu batera eraman du, eta horregatik, osasun publiko sendoa bermatzeko eta pertsona guztien osasunerako eskubidea ziurtatzeko behar duten osasun-eredu berriaren oinarriak prestatu dituzte.
Hamar hilabete igaro ondoren, osasun publikoaren eta bereziki Lehen Mailako Arretaren narriadura areagotzen ari dela adierazi dute, eta gainera, uda honetan murrizketak errepikatuko direla. Ondorioz, zerbitzu publikoak ahultzen direla esan dute, itxaron-zerrendak handituz eta negozio pribatuari mesede eginez.
Horren aurrean, OPA Herri Plataforma udan zehar sortzen diren arazoei adi egongo eta presio soziala eta mobilizazioak mantenduko dituzte, “osasun publiko unibertsala, integrala, erabileran doakoa eta kalitatezkoa” defendatzeko.