Justizia Aranarentzat plataforma aurkeztu dute poliziaren indarkeria salatu eta Ikerrentzako justizia exijitzeko

uriola.eus 2025ko uzt. 9a, 15:29

Pasa den apirilaren 3an Ertzaintzak gauzatutako karga batean foam bala batez larriki zauritua izan zen Iker Arana. Justizia exijitu eta poliziaren indarkeriaren aurkako salaketa-mobilizazioak bultzatu nahi ditu plataformak.  

Iker Arana, Iralako bizilaguna, Errekaldeko Etxarri Gaztetxearen desalojoaren harira Ertzaintzak gauzatutako karga batean larriki zauritua izan zen pasa den apirilaren 3an; ondorioz barrabil bat galdu zuen.

“Poliziak inpunitate osoz jardun du, frogak eskutatuz eta agente erantzulea ezkutatuz”, adierazi du Justizia Aranarentzat plataformak. Hori del eta, gaur, uztailaren 9an, Justizia Aranarentzat plataforma aurkeztu dute Bilboko Justizia Jauregiaren parean, kasua ikusarazi, poliziaren indarkeria salatu eta Ikerrentzako justizia exijitzeko.

Justizia Aranarentzat elkarteak publikoki salatu du Ertzaintzak Etxarri Gaztetxea hustean izandako indarkeriazko jokabidea, eta azpimarratu du Iker Aranak jasandako erasoa ez zela zoriaren ondorio izan, ezta akats puntual baten ondorio ere, baizik eta Poliziak nahita egindako esku-hartze baten ondorio. Plataformak uste du nahikoa zantzu daudela Iker jo zuen jaurtigaia zuzenean jaurti zutela esateko, inolako istilurik edo arrisku-egoerarik gertatzen ari ez zen testuinguru batean.

Era berean, agente arduraduna identifikatzeko prozesua geldotasunez eta opakutasunez egin dela adierazi du, eta lagunak eta bizilagunak izan direla, ahalegin kolektibo baten bidez, ikerketarako funtsezkoak ziren irudiak bildu zituztenak, polizia-agintarien laguntza aktiborik gabe. Horren aurrean, poliziak izandako estalketa-jarrera salatu du, Ertzaintzari leporatuz gertakarien ikerketa nahita zailtzea. “Erantzukizunak beren gain hartu beharrean, bertaratutako agenteak — baieztatzen dute — beren artean babestu besterik ez dira egin”, nabarmendu du.

 

Plataformaren aldarrikapenak

Plataformak bere esku dagoen guztia egiteko konpromisoa hartu du, Ikerren kasua isiltasunean lurperatuta gera ez dadin. Gertakariak erabat argitzeko eta polizia aktuazioaren arduradun guztiak justiziaren aurrean agertzeko eskatzen du. Era berean, gutxieneko neurri batzuk planteatu ditu eta premiazkotzat jotzen ditu etorkizunean antzeko kasuak errepika ez daitezen:

  1. Foam eskopeta eta balen erabilera debekatzea. Justizia Aranarentzat elkarteak salatu du armamentu mota horrek ondorio larriak eta atzeraezinak dituela pertsonen integritate fisikoarentzat, kasu honetan eta beste batzuetan frogatu den bezala.
  2. Polizia-agenteak eta -agintariak nahitaez identifikatzea. Plataformak polizia guztiak eta haien arduradunak edozein esku-hartzetan erraz identifikatzeko modukoak izatea eskatzen du, gardentasuna eta kontu ematea bermatzeko.
  3. Brigada Mugikorra desegitea. Justizia Aranarentzat elkarteak protesten errepresioan espezializatutako polizia-unitate hori desagertzea eskatu du, mobilizazio soziala eta protesta baketsua egiteko eskubidea erabiltzen dutenentzat etengabeko arriskua del argudiatuta.

 

Ertzaintzaren eta Estatuko instituzioek gehiegikeriak

Justizia Aranarentzat plataformak argi utzi du kasu hau Ertzaintzaren indarkeriaren eta inpunitatearen beste adibide bat dela. Gainera, gogorarazi du ez dela horrelako gertaerak gertatzen diren lehen aldia, zian ere, duela hamahiru urte poliziak jaurtitako gomazko pilota batek Iñigo Cabacas hil zuen.

Era berean, azpimarratu du Iker zauritu zuten egun berean gutxienez beste bi pertsona zauritu zituztela eta beste lau atxilotu zituztela gaztetxea hustearen aurkako protesten testuinguruan. Plataformak elkartasuna adierazi die egun hartan zauritu edo atxilotu zituzten pertsona guztiei, eta adierazi du poliziaren benetako eginkizuna ez dela herria babestea, baizik eta eliteen eta klase menderatzailearen interesak babestea. Horrela ulertzen dute manifestazio bat erreprimitu den edo etxegabetze bat gauzatzen den bakoitzean.

Justizia Aranarentzat elkarteak salatu du Ertzaintzak ez dituela gorputz-kamerak gardentasunez erabiltzen. Plataformaren arabera, kamera horiek, agenteek nahieran piztu edo itzali ahal direnez alferrikako tresna dira kontu emateak bermatzeko. Ikerren kasuan, nahiz eta agente askok kamera horiek eduki, bertatik ezin izan da proba erabakigarririk atera.

Azkenik, plataformak dio Estatuko instituzioek gehiegikeriak estaltzen dituztela, eta, horren aurrean, antolakuntzak eta gizarte-borrokak bakarrik ireki ahal izango dutela egia, justizia eta ez errepikatzeko bermeak lortzeko bidea.

Indarkeria mota guztien aurrean, Justizia Aranarentzat elkarteak azpimarratu du ezin dela geldirik egon, ezta erantzuleak zigorrik gabe geratzen utzi ere. Beraz, mobilizaziorako deia egin du, Ikerren kasua zigorgabe gera ez dadin eta poliziaren indarkeria geldiarazteko.