Prest dago dena Bilbao BBK Live jaialdiari hasiera emateko, bihar hasi eta uztailaren 12ra luzatuko dena. 100 artista baino gehiago arituko dira hiriaren eta mendiaren tartean kokatutako agertokietan. Itzal handiko artisten zuzeneko kontzertuak ikusi eta entzun ahal izango dira zuzenean Kobetamendin, hala nola Kylie Minogue, Pulp, Amaia, Damiano David, Bad Gyal, Carolina Durante, Nathy Peluso eta Ca7riel y Paco Amoroso.
Bilbao BBK Live jaialdiaren edizio honetan, esperientzia kolektiboa, ingurunearekiko konexioa eta irekitze artistikoa izango dira, berriro ere, proposamenaren ardatz nagusi, hiru egunez esperientzia sinestezina bizitzea bermatzeko osagai guzti-guztiak biltzen dituen nazioarteko jaialdia izanik.
Orain dela hiru aste jada artisten ordutegiak zeintzuk izango ziren eta agertokietan nola banatuko ziren iragarri zuen jaialdiak. Jaialdira sartzeko eskumuturrekoak jasotzeko aukera San Mamesen eta BEC!-en izango da gaurtik hasita, hilak 9, larunbatera arte, goizeko 10:00etatik goizaldeko 02:00etara. Jaialdiaren eremuan ezin da sarreraren ordez eskumuturrekoa eskuratu, eta jaialdiko autobusetan ezin izango da sartu eskumuturrekorik gabe.
Aurten ere autobus-zerbitzua egongo da, aurrez erreserba eginda. Zerbitzu horrek bi abiapuntu izango ditu: Felipe Serrate kaletik –San Mames ondoan– baita BEC! etik ere, jaialdiko egun bakoitzean, 16:00etatik 22:00etara, 10 minutuan behin. Bidaiaren prezioa 3,5 € izango da, soilik igotzeko.
Bereziak
Kobatemendin kontzertuak egoteaz gain, Bilboko kaleetan zehar ere musika egongo da Bereziak proiektuaren baitan, Kreatibo Industriak fundazioaren eta Bilbao BBK Live jaialdiaren proiektua. 2011. urteaz geroztik, musikarekiko, kulturarekiko eta aniztasunarekiko konpromisoa berresten dabil, hiru egunez doako kontzertuak eskainita eta jaialdia hiriaren erdigunera eramanda.
Uztailaren 10ean, Raya Diplomática taldeak emango dio hasiera antzerki-kutsuko eta ironiaz beteriko punk-pop musikarekin. Ostiralean, Sr. Chinarro, Puño Dragón, La Plata, Grande Amore eta Azuleja eta Dano taldeak egongo dira. Larunbatean, La Prohibida eta PUTOCHINOMARICÓNen queer diskurtsoak, Girl Ultraren R&B, Lua de Santana eta Ultraligera eta Sanguijuelas del Guadiana taldeen zuzenekoak izango dira protagonista.
Erasorik gabeko jaialdia
2017az geroztik, Bilbao BBK Live jaialdiko antolatzaileek eta Bilboko Udalak bat egiten dute eraso sexisten aurkako borrokan. 2025. urte honetako mezua ‘NO ES NO… EZ BETI DA EZ’ da, eta aurten ere berriro kaleratuko da mezu bera, hirian izaten den ekitaldi handi honetan eraso sexistarik izan ez dadin.