13 konpartsek Coca-Cola saltzeari utziko diote Aste Nagusian

uriola.eus 2025ko uzt. 21a, 16:37

Bilboko dozena bat konpartsa baino gehiagok Aaagur! kanpaina berriari ekin diote, Israel babesten duten produktuak saltzeari uko egiteko helburuarekin. Kanpainaren aurkezpena uztailaren 19an egin zuten Arriaga Plazan.

2025eko Aste Nagusiaren prestaketak abian dauden honetan, Bilboko Konpartsetako 13k jakinarazi dute Coca-Cola beren txosnetatik kentzeko erabakia hartu dutela Palestinako herriari elkartasuna adierazteko. Ekimenean parte hartzen duten konpartsak hauek dira: Altxaporrue, Bizizaleak, Eguzkizaleak, Hau Pittu Hau, Kaskagorri, Kranba, Txinparta Feminista, Mekauen, Piztiak, Txinbotarrak, Txori Barrote, Uribarri eta Sinkuartel.

Konpartsako hainbat kidek parte hartu zuten uztailaren 19ko aurkezpen publikoan, goizeko 11:30ean. Mekauen! konpartsako kide den Ehunate Dalmauk adierazi zuenez, “Coca-Colak dirua irabazten du Palestinako egoerarekin, eta era zuzen batean konplizea da, baita genozidioaren babesle ere”. Gogorarazteko, enpresak fabrika bat dauka Israelgo Atarot kolonian, Jerusalem ekialdean, Palestinako lurralde okupatuetan.

Konpartsek adierazi dute erabaki honekin egoera salatu eta Palestinako herriari elkartasuna adierazi nahi dutela. Damaukek azaldu duenez, kanpainaren parte diren kideek espero dute gero eta pertsona gehiago, jai-eredu alternatiboak eta tokiko eragileak Coca-Cola eta antzeko produktuak beren eskaintzetatik baztertzen hastea.