Bilboko Aste Nagusia gero eta gertuago da, eta gaur goizean aurkeztu dituzte jaiei hasiera emango dieten bi protagonistak: Francis Díez, Doctor Deseo taldeko abeslaria, izango da pregoilaria, eta Olatz Agirre, Txori Barrote konpartsakoa, txupinera.
Aurkezpena Udaletxeko prentsa-aretoan egin da, Itziar Urtasun Berdintasun eta Jaietako zinegotzia buru zela, eta bertan izan dira Konpartsetako ordezkariak eta aurten aukeratutako bi protagonistak ere. Gaur jantzi dituzte lehen aldiz euren traje ofizialak: Francisek ziape-koloreko jaka eta bikornio beltza, eta Olatzek jaka eta txapela gorria, biak Bilboko armarriarekin.
Francis Díezek Arriaga antzokiko balkoitik emango dio hasiera Aste Nagusiari abuztuaren 16an, larunbata, eta adierazi du “topiko bat bada ere, egia da: ohorea da pregoilari izatea. Lan modura hartuko dut, debozio handiz”.
Musikari bilbotarrak hamarkadak daramatza Doctor Deseorekin eszenatokiak bizipozez eta emozioz betetzen, eta oraingoan, jaien aurpegi eta ahots bihurtuko da. Bilboko semea izateaz harro, jaiak “jolas eta alaitasun” gisa bizitzen dituela adierazi du.
Bestalde, Olatz Agirre izango da txupinera. Santutxun jaioa eta Zazpikaleetan bizia, delineatzaile lanetan dabil Bilboko Udalean, eta 17 urte daramatza Txori Barrote konpartsan. Eskerrak eman ditu jaso dituen mezu polit guztiengatik eta, bere hitzetan, “eskerrik asko ere Bilboko Konpartsei, jai herrikoiak eta parte-hartzaileak posible egiten dituztelako”.
Agerraldian, herritar guztiak animatu ditu Aste Nagusira gerturatzera, Bilbokoak zein kanpokoak izan: “denok dekogu kabida”. Azkenik, mezu argia zabaldu du: “ez dugu erasorik onartuko”. Halakorik biziz gero, konpartsetara jotzeko eskatu du, non protokoloa martxan jarriko den.
Aurtengo Aste Nagusiak ikuspegi berri bat ekarriko duela ziurtatu du Itziar Urtasunek, baina betiko ilusioa eta energia mantenduz: “Zuek izango zarete gure jaien hasiera markatuko duten aurpegia eta ahotsa. Ilusioz eta grinaz beteko duzue zeregin hori”.