Kai Nakai, Janus Lester, Dupla, Sorotan Bele eta Udal Banda, Rozalén eta Gatiburen emanaldiek, besteak beste, Bilboko Aste Nagusiko gauak girotuko dituzte. Abandoibarrako eta Europa Parkeko eszenatokiak, estilo eta gustu guztientzako musika entzungo den 9 guneetako bi dira, eta Aste Nagusian pop-rocka eta musika berrienaren agertoki bihurtuko dira, euskaldunen presentzia handiarekin.
Bilboko Udalak programatutako musika-programazioak, beraz, bederatzi gune izango ditu hiri osoan zehar abuztuaren 16tik 23ra bitartean. Doako programazioa izango da, askotarikoa, adin eta gustu guztietako publikoarentzat pentsatua.
Horrela, Gizakundearen Elizak, maila goreneko zortzi talde hartuko ditu, Gizakundearen Elizako Musika Klasikoaren 26. Zikloan. Casilda Iturrizar Parkeko Pergolan, berriz, bilbainada sorta bat eta beste erritmo batzuk entzungo dira egunero eguerdian, hala nola habanerak, pasodobleak, euskal musika eta hainbat eskualdetako folklorea; eta, gauetan, ohiko guatekeak bertan ere izango dira.
Bilborock Aretoan La Muestra de Metal, Pop-Rock Aste Nagusia erakustaldia egogo da, bertoko taldeentzat. Kulturarteko musikak Plaza Berrian izango du eszenatokia, Plaza Biribilak erromeriez beteko da, eta Areatzako Kioskoak Bilboko Udal Musika Bandaren musika hartuko du eguerdiro. Santiago Plazan, Udal Txistulari Bandaren kontzertua izango da, abuztuaren 19an, asteartean. Zazpi Kaleetan zehar ere goizero egongo da musika, txistulari eta gaitariekin, eta Areatzako eta Diputazio eta Ledesma kaleetako giroa alaituko dute fanfarreekin.
Bestalde, Bilboko Koral Elkartea, Israel Santamaría jazz trio taldearekin batera, Itsasadarrean barrena ibiliko da abuztuaren 22an, ostirala, 10:30etik aurrera, Kantuz Kantu Zubiz Zubi jai-errepertorioarekin. Ibilbidea Itsasmuseumetik abiatuko da eta Euskalduna Jauregia, Deustuko Zubia, Arrupe pasabidea, Guggenheim Bilbao Museoa, Zubizuri zubia eta Udaletxeko zubia zeharkatuko ditu.
Abandoibarrako kontzertuak, 23:30ean
Abandoibarran, abuztuaren 16an, larunbata, programazioa hasiko da Kai Nakairen emanaldiarekin. Artista gasteiztarrak, euskarazko reggaetoiaren aitzindariak, popa, elektronika, reggaetoia eta beste erritmo batzuk nahastuko ditu. Olatz Salvador eta Maren euskal artistak Kai Nakairekin batera igoko dira taula gainera.
Olatz Salvadorrek, ñabarduraz beteriko bere musika estiloagatik da ezaguna, 2024an estreinatu zuen bere lanik berriena, "Zainak Eman", orain arteko elektronikoena. Maren artista bilbotar gazteak, bere aldetik, bere bigarren LPa estreinatu zuen 2024an.
Abuztuaren 17an, igandea, Janus Lester Berako (Nafarroa) pop talde euskaldunaren txanda izango da. Agertokian Dupla bikotea izango dute lagun, musika hirikorra egiten dutenak.
Astelehenean, hilak 18, eszenatoki berean, Coque Malla izango da. Hurrengo egunean, hilak 19, Bilboko Udal Musika Bandaren eta Sorotan Bele taldearen txanda izango da. 90eko hamarkadako folk-pop talde nagusietako bat den azken horren kantak birpasatuko dituzte, hala nola, “Arratsalde honetan”, “Mariñelaren zain” eta “Sing-sing-atiko folk&rolla”, denak hainbat belanauldirentzako himnoak.
Aste Nagusiaren erdia igarota, asteazkenean, Mocedades taldeak hartuko die lekukoa, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin (BOS) batera. Ostegunean, Madrilgo Ekialdeko Alcalá Norte banda hasiberriak hartuko ditu mikrofonoak. Uriko Egun Handian, hilaren 22an, Shinova izango da protagonista. Sustraiak Bizkaian ditu rock taldeak, eta bere estudioko bosgarren lanak, "El Presente" (2024), salmenten zerrenda ofizialean 1. postua lortu zuen merkatura iritsi zen lehen astean.
Espazio honetako programazioari amaiera emango dio Linaje taldeak, abuztuaren 23an. Berriozarren (Nafarroa) sortua da talde berria, Aaron Romero buru du, eta argitaratu berri ditu "Nunca quise tu esqueleto" eta "A la luna le sobran canciones" single eta bideoklipak.
Europa Parkeko kontzertuak, 00:00etan
Bestalde, Europa Parkeak, abuztuaren 20tik (asteazkena) 23ra (larunbata) bitartean, Rozalén eta Gatiburen emanaldiak (Gaztea-ren eskutik) eta Los 40 Sessions Aste Nagusia eta Fiestazo Megastar ikuskizunak hartuko ditu. Azken horretan, DJ eta artista ezagunak izango dira, hala nola, Nils Van Zandt, Chema Rivas, Kuve eta J Kbello.
Europa Parkean, bere aldetik, abuztuaren 20an hasiko dira kontzertuak, Rozalénekin. Bere azken albumak, "El abrazo" (2024), musikaren bidez emozio unibertsalak esploratzen ditu eta Carlos Vives, Kase.O eta R de Rumba artistekin egindako kolaborazioak biltzen ditu.
Gaztearen eskutik Gatibu talde gernikarra Aste Nagusiko kartelera itzuliko da ostegunean. 25 urteko ibilbidearen ondoren, eta 10 lan diskografiko atzean dituela, agertokiei agur esateko biran murgilduta dago.
Hilaren 22an, ostirala, Los 40 Sessions Aste Nagusia izango da agertokian. Azken ikuskizuna, hilaren 23an, DJ Megastar FMk -Cadena Cienena- eskainiko du, Nía Caroren eskutik.