27 konpartsen txosnen apainketarekin jantziko dute Bilboko Areatza hamar egun barru Bilboko Konpartsetako kideek, ohikoa duten dekorazio bereziarekin. Gaur hasi dira jada aldamioetan gora eta behera, kasko eta arnesekin, eta hamar egun izango dituzte dena prest jartzeko.
Gaur goizean, hilak 6, Areatzako Sendejako tingladoetan egindako agerraldian Bilboko Konpartsetako kideek 2025eko jai esparruko muntaketa lanen inguruko zehaztasunak eta aurtengo dekorazio nobedadearen berri eman dute, kasko eta mekanotubo artean.
Panelak eskegi, eta barrak, sukaldeak eta eszenatokiak eraiki egin beharko dituzte egun hauetan zehar. Datozen egunotan, 110.000 kilotik gora aldamio, 1.500 egur panel inguru eta 1.000 litro margo baino gehiago erabiliko dituzte, eta 400 bat konpartsakide arituko dira jo eta ke muntaketa lanetan, auzolanean.
Konpartsa bakoitzak bere ezaugarriekin eta mezuekin apainduko du bere txosna. “Irudimenez eta ironiaz dekoratzen ditugu gure txosnak, eta ariketa polita izaten da denen itxura begiratzea eta komentatzea”, adierazi dute prentsaurrekoan. Gainera, urteroko Eulia eta Kanpaia sarien bidez, txosnarik baldarrena eta apainena aitortuko dituzte, eta herritarrek ere parte har dezakete bozketan, Bilboko Konpartsen webgunearen bidez.
Bilboko Areatza “auzolanaren erakusgarri” izango da: “Denok batera arituko gara txosnagunea eraikitzen, esfortzu zein ilusio handiz”. Horrekin batera ohartarazi dute muntaketan parte hartzen ari ez diren pertsonak ezin direla itxita egongo diren txosnen eremu barruan sartu lanek irauten duten bitartean, egoera arriskutsuak edo istripuak gerta daitezkeelako. Hala ere, gograrazi dute muntaketan parte hartu nahi dutenak ere ongietorriak izango direla.
Arrosa kolorearen presentzia
Txosnak. Gureak, denonak kanpainarekin bat egiten dute Bilboko Konpartsek, eta hori adierazteko presentzia berezia izango du arrosa koloreak txosnen dekorazioan. Kanpainak aldarrikatzen duen moduan, konpartsak eta txosnak ondare immateriala dira, eta ezinbestekoak festetan: “haiek gabe ez genuke izango azken hamarkadetako jai eredu hau”, argitu dute. Txosnak espazio parte hartzaileak direla gogorarazi dute, autogestioan eta borondatezko lanean oinarrituta, eta konpartsetan eta txosnetan pertsona askoren indarrek, txosnagunea babeslekua bihurtzen dute. Hala, ez dute inolako indarkeria matxista, arrazista, LGTBIQfobo, xenofobo, kapazitista, lodifobo edo euskarafoboren onartuko. Hori guztia, beraz, transmitituko dute landuko duten dekorazioan.
Txosnak babesteko martxan dagoen sinadura bilketa gogorarazi dute eta parrandazaleak animatu nahi dituzte sinatzera. Txosnak.eus helbidean aurkituko dute sinatzeko lekua.