Palestinarekin Elkartasuna plataformak Palestinako herriaren aurkako genozidioaren gorakada salatu zuen pasa den abuztuaren 2an. Hori dela eta, palestinar erresistentziarekiko elkartasuna eta Israelen desegitea aldarrikatzeko herri mobilizaziorako deia egin du. Bilbon, Aste Nagusiaren atarian izango da, abuztuaren 15ean, arratsaldeko 19:00etan Plaza eliptikotik. Urriaren 4an Iruñean manifestazio nazionala egiteko deia egin dute.
Mendebaldeko gobernu eta hedabideen hipokresia seinalatu du Plataformak: “Hainbat hilabeteetan estaltzen ibili ondoren, itxurazko kezka humanitarioa erakusten dute, bere erantzukizuna izkutatu nahian”. Izan ere, Gazako egoera “ezustean” iritsi balitz bezala, mendebaldeko zenbait aktoreri, euren kezka bat-batean adieraztea leporatu diete. Gainera, gogorarazi dute hainbat hedabideen erreakzioa gosetearen irudiak zabaldu ondoren hasi dela.
“Badirudi hedabide horiek, orain arte Israeli aurpegia garbitu besterik egin ez diotenak, gainetik kendu nahi dutela haien erantzukizuna”, salatu zuten irarketan. Gosearen planifikazioa ez dela istripu bat azpimarratu dute: "gosetea planifikatua izan da, eta duela 9 hilabete publikoki iragarri zen Rafah-ko pasabidea erabat itxi zenean, ura, janaria, erregaia eta elektrizitatea sartzea galaraziz".
Europako zenbait estatuk egindako maniobra sinbolikoak ere kritikatu dituzte: "Frantziak iragarri duen estatu palestinarraren onarpena hipokrisia horren adibide da, mendebaldeak genozidioarekin duen konplizitatea estaltzea helburu duena", adierazi dute, Israelekin harreman politiko eta ekonomikoak izaten jarraitzen dutela gogoraraziz.
Ekintzarako eta konpromisorako dei argia
Lehenengo, Palestinarren erresistentziarekiko baldintzarik gabeko babesa aldarrikatu dute, neutraltasun modu oro errefusatuz. palestinarrar erresistentziari baldintzarik gabeko babesa ematea betebeharra dela esan dute: “Ezin da parekatu zapaltzailea eta zapaldua".
Bigarrenik, Israelgo Estatuaren deslegitimazioa adierazi dute, izan ere, palestinar herriaren askatasuna erakunde sionistaren existentziarekin bateraezina dela argitu dute, eta, beraz, Palestinaren askatasunak Israel suntsitzea exijitzen duela. Plataformaren ustez, existitzen uzten ez duen estatu batek ez luke existitzeko eskubiderik izan behar.
Azkenik, harremanak hausteko antolatzearen beharraz aritu da plataforma. "Euskal Herrian, erakundeek, alderdi politikoek eta euskal enpresek Israelgo estatu terroristarekin duten konplizitateari aurre egin behar diogu", adierazi dute, euskal gizarteari zuzenean dei eginez: "palestinarrekiko elkartasuna eraginkorra izan dadin eta ezintasunean eror ez dadin, antolakuntza da geratzen zaigun bide bakarra da, indarrez kolpatu ahal izateko eta Israel indartzen duten babesak desegin ahal izateko".