Gutxieneko soldata propioaren aldeko dinamikak arrakasta handia izan du

uriola.eus 2025ko abu. 7a, 11:52

Mendebaldeko Euskal langileek babes argia adierazi diote gutxieneko soldata propioa hemen erabakitzeko Herri Ekimen Legegileari. Hiru hilabetetan 100.000 sinadurako langa gainditu dute eta hurrengo urratsak ematen hasiko dira.

ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuek gutxieneko soldata propioaren aldeko dinamika jarri zuten martxan urte hasieran, eta maiatza hasieran hasi ziren sinadurak biltzen. Herriz herri, lantokiz lantoki, ehunka lagunek hartu dute parte sinadurak biltzen eta dinamika zabaltzen, eta hiru hilabete eskasen buruan 100.000 sinadura baino gehiago lortu dituzte. “Arrakasta ikaragarria izan da. Langileriak iniziatiba honi modu masiboan eman dio babesa”. Langile klasearen konpromisoa eta gehiengo sindikalaren ekimena uztartuta, helburuak beteta sartu ziren abuztuan.

Bilketa amaitutzat ematen dute eta hilaren bukaeran sinadurak Gasteizko Legebiltzarrean erregistratuko dituzte eta herri ekimen legegilearen ibilbideak aurrera jarraituko duela adierazi dute. Bertan, alderdi politikoek hitzetatik ekintzetara pasatzeko aukera izango dute: “benetan badute gutxieneko soldata duinago baten aldeko borondatea, babesa eman diezaiotela ekimenari”. Legebiltzarrak babesa emanez gero, Kongresura iritsiko da langileen eskubideak zabalduko dituen lege aldaketaren proposamena.

Eusko Jaurlaritzak gutxieneko soldataren inguruko txostena argitaratu du, eta sindikatuek azpimarratu dute ikuspegi murriztaile batetik uzten duela agerian gutxieneko soldata propio baten beharra, bai eragin eremuari dagokionez, baita zenbatekoari dagokionez ere.

Confebaskek, era berean, afera elkarrizketa sozialeko mahaira eraman nahi duela esan dute sindikatuek, baina horren aurrean garbi adierazi diote elkarrizketa sozialeko mahaia ez da negoziazio kolektiboko markoa, eta ez dela gutxieneko soldata negoziatzeko gunea. Hori dela eta patronalari aitzakiak albo batera utzi eta “herri honetako errealitate sindikala” onartzeko dei egin diote.

Langileon eskubideen defentsan, urrats sendoa eman dutela nabamendu dute eta borrokan jarraituko dute aldarrikatu: “Gutxieneko soldata duin bat ezartzeko eskubidea geure esku egon arte”.