Erasoen aurkako “ERRESPETU NAGUSIA” kanpaina aktibatuko du Bilboko Udalak

uriola.eus 2025ko abu. 8a, 09:21

RESPETO NAGUSIA / ERRESPETU NAGUSIA lelopean, erasoen aurkako sentsibilizazio- eta prebentzio-estrategia aktibatuko du Udalak Aste Nagusian zehar. Indarkeria matxistaren, arrazakeriaren eta LGTBIQfobiaren aurka borrokatzeko hartu du konpromisoa.

Bilboko Udalak RESPETO NAGUSIA / ERRESPETU NAGUSIA lelopean, erasoen aurkako sentsibilizazio- eta prebentzio-kanpaina instituzionala jarri du abian Aste Nagusirako. Udalak erasoen aurka bultzatutako estrategiaren barruan kokatzen du ekintza hau, "Bilbon jai seguru, berdintasunezko eta inolako indarkeriarik gabekoak" bizitzeko.

Konpromisoa indartuko da bereziki, indarkeria matxistak prebenitzeko eta arrazakeriaren eta LGTBIQfobiaren aurka borrokatzeko, eta indarkeria horien euskarri diren portaera normalizatuei jarriko zaie arreta. Abuztuaren 16tik 24ra bitartean aktibatuko dute.

Jaiak hasi aurreko egunetan, Udalak erasoen aurkako estrategia integrala aurkeztuko du, eta Bilboko konpartsekin eta beste gizarte-eragile batzuekin partekatutako protokoloa ere jasoko du, bai eta edozein eratako erasoa jasaten dutenei arreta emateko erabilgarri dauden udal-baliabideak ere. Kanpaina Udalaren sare sozialetan, webgunean eta hiriko kaleetan eta plazetan zabalduko diren publizitate-euskarrietan ikusi ahal izango da.

 

Sormen grafikoa

Sormen grafikoak "ERRESPETU NAGUSIA / RESPETO NAGUSIA" mezua darama erdigunean, Marijaiaren siluetarekin batera. Horrekin adierazi nahi dute Bilboko Aste Nagusia, ikonoarekin irudikatua, errespetuz eta berdintasunez ospatu nahi dutela. Honako mezu hau ere badu: “Bilbo, hiri konprometitua eta eraso matxista, arrazista eta LGTBIQfobikorik gabekoa”.