9 eguneko festan murgilduko da Bilbo larunbat honetatik aurrera, baina ezin dute ahaztu urteetako gatazkak “ondorio larriak” utzi dituela Euskal Herrian. “Oraindik ere, ondorio horiek sufritzen ari diren herritarrak dauzkagu Bilbon zein Euskal Herrian”. Horregatik, salbuespen legeen kontra eta gatazkak utzitako ondorioak gainditzearen alde oihu egiteko bildu dira gaur Arriaga Plazan.
Gaur goizean, hilak 12, egindako agerraldian, Bilboko Konpartsek eta SAREk Bilboko jaien baitan egingo duten egunaren egitaraua aurkeztu dute. Abuztuaren 22an izango da “Bizkaiko Etxera Eguna”, eta lehenengo hitzordua mobilizazioa izango da 13:00etan. Eliptika plazan hasi eta udaletxean amaituko da. 15:00etan, Herri Bazkari bat egingo dute txosnagunean eta amaitzeko 17:30ean, ekitaldia egingo dute atzekalden. Ondoren, kontzertua egongo da Loita Amada talde galegoaren eskutik. Preso, iheslari eta deportatuen aldeko aldarria lau haizeetara ozen oihukatzeko dei egin diete bilbotarrei eta beste herrietatik etorriko diren norbanakoei.
“Benetan uste dugu badela garaia “Etxera” aldarria erreibindikazio izatetik guztion lorpen izatera pasatzeko” nabarmendu dute prentrsaurrekoan, izan ere, presoak eta euren senideak ez ezik, lorpen horrekin jendarte guztiak irabaziko lukeelako.
Bilboko Konpartsetako kideek eta SAREk hamarkadak daramatzate presoen etxeratzea aldarrikatzen, eta oztopoz eta trabaz beteriko Bilbo edo Euskal Herririk nahi ez dutela adierazi dute. Beraz, abuztuaren 22an bilbotar guztiak zein este herrietatik etorriko diren norbanakoak “Bizkaiko Etxera Egunean” parte hartzera gonbidatu dituzte.