Programazio berezia prestatu du Bilboko Udalak adinekoentzat

uriola.eus 2025ko abu. 13a, 10:11

Aurten ere adinekoek bere egun propioa izango dute abuztuaren 21ean, eta horretaz aparte beste hainbat jardueraz gozatzeko aukera ere izango dute Aste Nagusiko bederatzi egunetan zehar.

Aurtengo Aste Nagusian adinekoek garrantzi berezia izango dute, izan ere, haientzat pentsatutako programazioa prestatu du Bilboko Udalak. Abuztuaren 21ean, ostegunean, “Adinekoen Eguna”z gozatu ahal izango dute. Dagoeneko ohitura denez, ia 300 adinekok hartuko dute parte. Adineko horiek Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua (ELZ) eta Ostatu eta Eguneko Arreta Zerbitzua udal-zerbitzuen eta Begirada Aktiboa eta Aukeragune programen erabiltzaileak dira. Goiza zirku-saio batekin hasiko da, eta jarraian herri-bazkaria egingo da Bilbao Arenan. Bertan,  bilbainadak eta dantzaldiak egongo dira, dia eta kultura- eta kirol-ekitaldietarako sarreren zozketa egingo da. Marijaia horren guztairen lekuko izango da.

Horretaz aparte, Aste Nagusi osoan zehar beste hainbat jarduera ere egongo dira, haien gustu eta interesetara egokituak.

  • Bilbainadak, egunero, eguerdiko 12:00etan, Casilda Iturrizar parkean. Besteak beste, talde hauek etorriko dira: Los 5 Bilbainos, Bilbao Mapamundi, Gau Pasa eta Los Chimberos. Gainera, bilbainadak egun guztietan entzungo dira eguerdietan, Bilbotarrak taldeak tabernarik taberna ibiliko baita.
  • Musika ere izango da egunero, 12:00etatik aurrera, Areatzako Kioskoan, Udal Musika Bandaren eskutik.
  • Santiago plazan, bestalde, bertsolaritzaren arloko lehen mailako figurak bilduko dira egunero 13:00etan.
  • Berbenak egunero egingo dira Plaza Biribilean, saio bitan (20:00etan eta 23:00etan), eta erritmoz, nostalgiaz eta gaurkotasunez betetako errepertorioa eskainiko dute, memoria kolektiboaren parte diren abestiekin.
  • Gaueko guatekeak, 23:30etik aurrera, Casilda Iturrizar parkean. Gaueko guatekeek urtero ehunka adineko biltzen dituzte, dantzatzeko eta ondo pasatzeko gogoz egoten direnak. Programazioan, umorea eta musika parodiak, mariatxiak, habanerak, Espainiako pop-rockaren kanta arrakastatsuak eta Italiako musikaren arrakasta handiko kantak izango dira.
  • Abuztuaren 21etik 24ra bitartean, 12:00etatik aurrera, Herri Kirolen erakustaldiak izango dira Arriaga plazan. Haien barruan, Pentatloi Lehiaketa eta Harri-jasotzaileen Bizkaiko Liga jokatuko dira eta hainbat euskal kirol tradizionalen erakustaldiak egingo dira, bereziki emakumeei eta gazteei ikusgarritasuna emanez.
  • Abuztuaren 24an, domekan, Txistulari Bandak ohiko txistulari-alardea egingo du Plaza Barrian, eta Euskal Herri guztitik eta bereziki Bizkaitik etorritako 80 txistulari inguruk hartuko dute parte.