“Gure kaleetan eta gure jai eremuetan, ez dute lekurik eraso sexistek, arrazistek edo LGTBI fobikoek!”, mezu argia helarazi dute Bilboko Konpartsek. Izan ere, ez dira "gertatzen diren gauzak" eta ez dira "gaizki ulertuak".
Gaur goizean, hilak 15, Areatzako kioskoaren aurrean egindako agerraldian, Bilboko Konpartsak Federazioak 2025eko Aste Nagusirako erasoen aurkako ekimenen aurkezpena egingo du. Indarkeriari aurre egiteko hainbat protokolo prestatu dituzte elkarte eta eragile desberdinen artean egindako elkarlanaren eta saretzearen ondorioz, hala nola mugimendu feministarekin, SOS Arrazakeriarekin edota EHGAMekin batera. Protokolo horien helburua erasotua izan den pertsona entzunda eta babestuta sentitzea da.
Bilboko Konpartsetako txosnak erreferentzia puntuak izango direla adierazi dute: “Eraso bat jasan duen edo ikusi duen edozein pertsona, jai guneko edozein txosnatara hurbildu ahalko da, babesa eta laguntza jasotzeko”, argitu dute eta bertako arduradunak aurretik landutako harrera enpatikoa emango dio, eta espazio seguru bat eskainiko dio. Arduradunak ez du epaiketarik egingo eta ez du kontakizuna zalantzan jarriko.
Txosnetan, eskatzen den laguntza emango zaio: akonpainamendua, leku seguru bat, atsedena… eta beharrezkoa izanez gero, beste eragileekin, instituzioekin edo zerbitzuekin jarriko dira kontaktuan, beti ere erasotua izan den pertsonak nahi izanez gero.
Konpartsez gain, gerta daitezkeen erasoak kudeatzen laguntzeko pertsona bat guardian egongo da egunero.
Eraso bat gertatuz gero, Bilboko konpartsek goizean egiten diren mahai informatiboetan erabakiko dute horren aurrean zein erantzun eman, beti ere erasotua izan den pertsonaren baimenarekin eta elkarlanean dauden beste eragileekin batera. “Onartuko ez ditugun erasoen aurrean erantzun kolektibo bat emateko”, nabarmendu dute konpartsek, izan ere, ez dira isilik geratuko.
Hiri segurua guztientzat
Era berean, irmotasunez gaitzesten dute justifikaziorik gabeko polizia-indarkeria, batez ere pertsonak beren jatorriagatik, larruazalaren koloreagatik edo gizarte-egoeragatik zapaltzeko, umiliatzeko edo zigortzeko erabiltzen denean.
Horregatik altu eta ozen aldarrikatu dute eraso sexistek, arrazistek, homofoboek, transfoboek eta polizia indarkeriak ez daukate lekurik Aste Nagusian. “Hiri segurua nahi dugu, baina guztiontzat!” Dantzatzeko, elkartzeko, jolasteko, elkar ezagutzeko, gozatzeko eta ospatzeko izango den Aste Nagusia elkarrekin eraikitzen jarrai dezagun!
Hori dela eta, Bilbo Feminista Saretzenek antolatutako mobilizazioetan parte hartzera gonbidatu ditu hiritar guztiak. Gaur agerraldia egingo dute, arratsaldeko 18.00etan, Arriagan. Bestalde, txupin feminista antolatu dute bihar 16:30ean Txinpartsa Konpartsan eta aurten ere, espazioa bereganatuko dute gaueko ekimenean, Algara Konpartsatik hasita 23:45ean.