ASTE NAGUSIA 2025

Jaia eta protesta uztartu dituzte gaur Aste Nagusian

uriola.eus 2025ko abu. 19a, 21:58

Patatek eta arrautzek Areatza hartu dute gaur; kasu batzuetan, tipulak ere, norberaren erabakiaren arabera. Tortilla patataren txanda izan da Gastrogunean, eta hainbat taldek hartu dute parte. Olatz Agirre txupinerak, Francis Diez pregoilariak, Juan Mari Aburto alkateak eta zinegotziek ez dute aukera galdu, eta bertara hurbildu dira. Era askotako tortillak probatu dituzte epaimahaikideek, osagai gutxirekin, hamaika tortilla mota egin baitaitezke. 

Tortilla prestatu nahi izan ez dutenek ere izan dute zer egin. Igel-toka txapelketa antolatu dute Euskalgunean; bitsa eta ur jolasak, berriz, Kulturgunean; eta egurrezko jolasak Kaialden, besteak beste. Ausartenek aukera izan dute Kranbaren rokodromoan ibiltzeko. Horrez gain, zeramika tailerra, slime tailerra eta bilbotar eskalada antolatu dituzte. Eta Bilbo Hiria Irratiak kolorea eta soinua eman dio Algarako txosnako inguruari, saioa zuzenean eginez.

Aldarrikapenerako tartea ere izan du egunak. Konpartsek Palestinaren aldeko mosaiko erraldoia antolatu dute Arriaga plazan. Jende andana bildu da, palestinar herriari maitasun mezu bat bidaltzeko.

Arratsaldean ere protesta egin dute herritarrek. Izan ere, jaiak hasi aurretik, konpartsek argi utzi zuten ez zutela inolako erasorik onartuko. Azaldu dutenez, eraso arrazisten kontrako protokoloa aktibatu dute, “pertsona arrazializatu baten kontrako gehiegizko interbentzio poliziala dela eta, eta bart Gas plazan lo egiten ari ziren manteroak bertatik botatzea dela eta”. Udalari “benetazko irtenbideak eta alternatiba duinak” eskatu dizkiote, eta “egoera konpontzeko tresnak” berma ditzala, manteroen eta Bilbora heltzen diren pertsona guztien harrera modu egokian kudeatu dezan.

Eguna ez da oraindik amaitu. Konpartsek hamaika kontzertu antolatu dituzte gauerako. Hala nola Eire, Bengo, Ithaca, Toc, Ganibet eta Kaparrak musika taldeek gune diferenteetako oholtzak hartuko dituzte gauean.