Txupineren arteko elkartasuna eta aldarrikapenak, eguneko protagonistak

uriola.eus 2025ko abu. 21a, 23:56

Bilboko Aste Nagusiak beste egun bete bizi izan du gaur. Goizetik zerua gris agertu den arren, eta noizbehinka tanta batzuk bota baditu ere, eguraldiak nahiko ondo eutsi dio, eta ekitaldiak normaltasunez ospatu dira.

Goizean une hunkigarriak bizi izan dira Areatzan: orain arteko txupinera guztiek txupina elkarrekin bota dute, eta beraien arteko harremana zaintzen jarraitu dutela azpimarratu dute.

Egunean zehar ekintza ugari izan dira, batez ere txikientzat: aurpegi margoketa, puzgarriak, margotze tailerrak eta beste hainbat aukera izan dituzte gozatzeko. Eguerdiko ordubiak pasata, Hau Pittu Hau konpartsak Euskara Saria eman dio Gure Zirkua taldeari.

Arratsaldean, aldarrikapenak hartu du protagonismoa. 18:00etan ikurrinari omenaldia egin zaio Udaletxetik Arriaga plazaraino, eta Palestinaren aldeko ekimena ere izan da. 19:30ean berriz, kontzentrazioa egin da atzo gauean erasoen aurkako protokoloa aktibatu behar izan zela salatzeko. Bestalde, atzo udaltzainek kale saltzaileei gauzak konfiskatzen egon zirela salatu nahi izan dute ere, ekintza hori onartzezina dela aitortuz.