Egun eguzkitsua izan da gaur Bilbon, eta beroak lagunduta ospatu dute Aste Nagusia konpartsek. Eguerdian bazkaria egon da eta konpartsakideek indarrak hartu dituzte arratsaldeko herri kirolen txapelketarako. 16:45ean hasita, parrez eta algaraz lehiatu dira. Bandera urdina gastronomikoek eskuratu dute, txupinera eta pregoilarien eskutik, eta bandera marroia, berriz, poliziari aitortu zaio.
Sari banaketaren ostean, ehunka lagunek Udaletxetik Arriagaraino osatu dute erasoen aurkako katea. Bilboko Konpartsek baieztatu dutenez, egunero jasaten diren erasoak salatzen jarraituko dute, eta azpimarratu dute txosnak guztiontzako espazio seguruak izan behar direla: “Gu antolatuta gaude eta erasoak modu koordinatuan artatzeko gaitasuna dugu, baina ardura gizarte osoarena izan behar da”.