Aurtengo Aste Nagusia elkartasunez eta aldarriz blaitutakoa izan da, izan ere, Palestinaren aldeko ikurrak, hainbat kontzentrazio, manifestazioa eta mosaikoa bizi izan dituzte bilbotarrek; herri horren sufrimendua ahazten ez dutenaren seinale. Horrez gain, ikurrinaren omenaldia baliatu dute harreran lan egiten duten eragile antiarrazisten aldeko ekitaldia egiteko. “Euskal Herri anitza eta solidarioa elkarrekin eraikitzen jarraituko dugu” azpimarratu dute Bilboko Konpartsek.
Horrekin batera Areatza larrosaz jantzia egon da azken bederatzi egunetan Txosnen aldeko ekimenaren harira, eta argi utzi dute Konpartsarik gabe Aste Nagusia ez litzatekeela gaur egun dena izango.
“Guztion artean eraikitzen ditugun jaiak elkarrekin gozatzea dugu helburu, kaleak dantzaz, barrez eta musikaz betez”, nabarmendu dute, eta horretarako ezinbesteko izan dira Olatz Agirre, txupinera, eta Francis Diaz, pregoilaria. Egunero, euripean zein izerditan, “Aste Nagusiaren taupada” izan dira.
Auzolana eta lan bolondresa erdigune
Marijaia Arriagako balkoian agertu zenetik era guztietako ekintzek bete dute Bilboko Areatza, besteak beste: haurrentzako tailerrak, kontzertuak, azokak eta kirol ekimenak. Eguraldiak lagundu ez duen arren, Areatza jendez lepo egon da egunez zein gauez. Seiehun ekintzatik gora eta milaka parte-hartzaile izan dira bederatzi egunez. Antolatutako ekintzek izandako parte hartzea positiboki baloratu du Federazioak.
Lehiaketa Gastronomikoa da ardatzetako bat Aste Nagusiko egunetan zehar. Aurten, antolakuntzan eta egun kopuruan aldaketak egin dituzte, eta emaitza “primerakoa” izan da. Hori dela eta, lantalde osoak jaso zuen konpartsek emandako bandera urdina, Aste Nagusiaren alde egindako lana saritzeko.
Txanponaren beste aldea bandera marroia da zeina oztopatzen dutenei ematen zaien, eta aurten, Bilboko Udaltzaingoari eman diote. Bandera hori emateko arrazoiak aipatu dituzte: Jaigunera sartu eta bertatik irteteko trabak jartzea konpartsakide eta langileei, kale saltzaileak jazartzea, eta oro har, eman duten laguntza eskasa. Salatu dute, kale gorrian bizi diren Gas plazan lo egiten ari ziren pertsonak bertatik bota eta Arriagara bidali zituztela, inolako azalpenik gabe.
Gertaera hori protokoloa lehenengo aldiz aktibatzeko arrazoietako bat izan zen izan zen, baina horiek ez dira izan Aste Nagusian egondako eraso bakarrak, era eta intentsitate anitzetako erasoak gertatu baitira: arrazistak, sexistak, LGTBIQ+fobikoak, hitzen bidez egindakoak, zein indarkeria fisikoa erabilitakoak. Ostegunean, 21ean, berriro aktibatu behar izan zuten protokoloa, hain zuzen ere, aurreko gauean egondako eraso LGTBIQ+fobiko oso larri baten ostean. Horren ondorioz giza kate eta kontzentrazio oso jendetsua deitu zuen Jai Batzorde Mistoak.