AEKk 2025/2026 ikasturteko matrikulazio-kanpaina abiatu du

uriola.eus 2025ko ira. 4a, 15:07

Aurtengo leloa, Euskara eroso ikasi eta bizi, AEKren xedearekin lotzen da zuzenean: Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso bizitzea. Euskara ikasi, hobetu eta praktikatu nahi duen orok zabalik ditu euskaltegietako ateak, eroso ikasteko.

Euskara eroso ikasi eta bizi lelopean abiatu du AEKk 2025/2026 ikasturteko matrikulazio-kanpaina. Pasa den irailaren 2an egindako prentsaurrekoan Maialen Begiristain Gradok, Arabako AEKko Nazio Kontseiluko ordezkariak kanpainaren xehetasunen inguruan aritu zen.

Aurtengo leloa AEKren xedearekin lotzen da zuzenean: Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso bizitzea. Euskaltegiak euskara ikasteko gune erosoak izatea nahi du AEKk, eta ikasleak handik ateratzean arlo guztietan erabiltzeko baliabideak izatea: lagunartean, familian, lanean, aisialdian...

Matrikulazio kanpaina aurkezteaz gain, argi helarazi zuen helduen euskalduntze-alfabetatzea estrategikoa dela euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuan, eta herritar denek dutela euskaraz jabetzeko eskubidea eta ardura komunitarioa.

Hori horrela, euskalduntze-prozesu osoan doakotasuna ezarri behar, hau da, euskara ikastea doakoa eta irisgarria izan behar du Euskal Herrian bizi diren pertsona guztientzat. Zentzu horretan, oso era positiboan baloratzen dute doakotasunaren bidean azken urteotan egin diren urratsak: EAEn B2 mailara arte matrikularen dirua berreskuratu daiteke, eta ikasturte honetan A2n matrikulatuko direnek ere diru gutxiago aurreratu beharko dute, HABEren sustapenari esker. Nafarroan ildo horri jarraituz, A1ekoek %100 arte berreskuratu ahalko dute. Ipar Euskal Herrian ere formaziorako aukera eskaintzen dute enpresek, eta langileek doan dituzte euskara-ikastaroak.

Azken ikasturteetan milaka herritar hurbildu dira AEKren euskaltegietara euskara ikastera, euskara-maila hobetzera edo praktikatzera; etxeko eta lagunarteko harremanak euskaraz izateko, lan-egoera hobetzeko… “Ikasturte honetan ere zinez espero dugu herritar gehiago hurbilduko direla AEKren euskaltegietara”, adierazi zuen Begiristainek.

Euskara ikasi, hobetu eta praktikatu nahi duen orok zabalik ditu euskaltegietako ateak, eroso ikasteko. Horri begira, AEKk 100 euskaltegi baino gehiago ditu  Euskal Herri osoan, eta horien bidez beste hamaika herritara iristen da. Ikasturte honetan, adibidez, euskaltegi berriak edo berrituak izango ditugu Hendaian, Azkainen eta Lodosan.

AEKko irakasleak ikasleen ondoan daude, haien bidelagun izan nahi dute, eta beren onena eskainiko diete, ikas-prozesu erosoa izan dezaten, etxean bezala senti daitezen. Horregatik, hain zuzen ere, aukeratu dugu aurten besaulkiaren irudia, etxean baleude bezala senti daitezen euskaltegian.

Informazio guztia webgunean eta sare sozialetan dago, baita AEKren euskaltegietan ere. Eta spota, esteka honetan: https://youtube.com/shorts/AhcX3-gJh9g

Bukatzeko, ohartarazi dute 24. KORRIKA jada antolatzen hasi zirela iaz: “ilusioz beterik eta gogotsu gaude edizio berrirako”. 2026ko martxoan izango da eta edizio honek euskara “aterpe ireki eta erosoa” dela sentiaraziko du herritar guztientzat.