Gernika-Palestinak positiboki baloratu du atzoko mobilizazioa

uriola.eus 2025ko ira. 4a, 15:25

La Vueltak Euskal Herria zeharkatzean, Gernika-Palestinak herritarrei dei egin zien helmugan Palestinaren aldeko aldarrikapena egiteko Israel taldearen presentzia dela eta. Giroa ikusita, antolatzaileek lasterketa hiru kilometro lehenago amaitzea erabaki zuten.

Gernika-Palestinak positiboki baloratu du La Vueltan Euskal Herria zeharkatzean, Israel taldearen presentzia dela eta, egin diren mobilizazioak, genozidioa ez normalizatzeko. Izan ere, atzo, hilak 3, Bilboko helmuga aldarrikapenez bete zuten , eta giroa ikusita, antolatzaileek lasterketaren amaiera bertan behera uztea erabaki zuten.

Helburua bakarra zen eta izaten jarraitzen du: Israel Premier Tech taldea Vueltatik kanpo uztea eta, oro har, apartheid eta genozidioaren enbaxadoreak diren Israelgo talde guztiak kirol lehiaketa guztietatik at uztea.

“Palestinak etapa hau irabazi duela esan badaiteke ere, genozidioaren aurkako konpromiso berriak biderkatu behar ditugu”, adierazi du Gernika Palestina ekimenak.

Bestalde, atzoko atxilotu eta zaurituei elkartasuna adierazi, eta sionismoaren konplizeak presionatzen jarraitzeko beharra aldarrikatzeko kontzentrazioa egingo dute gaur, arratsaldeko 19:00etan Arriagan.

 

Kazeroladak Euskal Herri osoan

Ildo honetan, eta Gazako egoeraren larritasunaren aurrean, Gernika Palestina ekimenak kazeroladak antolatu ditu Euskal Herri osoan irailaren 5ean, 19:00etan, udaletxe guztien aurrean ala herri bakoitzean egoki ikusten duten tokietan. Euskal gizarteari dei egin dute Palestinari elkartasuna adierazteko, eta justiziaren eta bakearen alde egiten jarrai dezaten.

Gazako egoerak okerrera egin du, eta horren aurrean Gernika Palestina ekimenak salatu nahi du  Europak ez duela ezer egin. Israel eta Benjamin Netanyahu berehalako su-etena aldarrikatzera, negoziazioaren bideari ekitera, Gazatik erretiratzera, premiazko laguntza humanitarioa ez oztopatzera eta desnutrizioaren aurka borrokatzeko eta gutxieneko bizi-baldintza duinak ziurtatzeko azpiegiturak berreraikitzera behartzeko unea dela adierazi du.

Ekintzaren unea dela aldarrikatu du, harreman komertzialak hautsiz eta Israel isolatzeko zigorrak abian jarriz: “Hori ez egitea munduaren aurrean geure burua gutxiestea eta etorkizuneko belaunaldien aurrean erretratatzea da”.