Hamarnaka lagun bildu dira gaurko manifestazio zaratatsuan

uriola.eus 2025ko ira. 5a, 22:51

Manifestazio zaratatsuak hamarnaka lagun bildu ditu Bilboko kaleetan gaur Israel Palestinaren aurka burutzen ari den genozidioa eta gosetea salatzeko. Aldarrikapenak, baina, ez du etenik, eta biharko Palestinaren Aldeko Euskal Herriko Itsas Martxa joateko dei egin dute.

Israel Palestinaren aurka burutzen ari den genozidioa eta gosetea salatzeko atera dira kalera  hamarnaka lagun kazerolada-mobilizaziora gaur, hilak 5, Bilbon. Genozidioa STOP! lelopean, arratsaldeko 19:00etan abiatu da mobilizazioa plaza Zirkularretik. Lapikoen zarata izan da nagusi Bilboko kaleetan, eta nagusiki Alde Zaharreko kaleetan zehar

Arriaga plazara heldu eta Bidebarrieta kalea zeharkatu dute manifestariek. Santiago plaza atzean utzita Erriberako merkatu ondotik pasatu eta Unamuno plazara iritsi dira azken irakurketa egiteko. Bidetik ez dira nekatu “Boikot Israel, Palestina askatu! oihukatzeaz.

 

Atxikimenduak

Hainbat kolektibok egin dute bat gaur Gernika-Palestinak, Gazako egoera dela-eta, Euskal Herri osoan deitu dituen kontzentrazio eta burrunbekin. Horien artean aurkitu ditzakegu alderdiak, sindikatuak eta eragileak.

EH Bildu,⁠ PSE, ⁠Geroa Bai, Podemos Euskadi, ⁠Ezker Anitza-IU, ⁠Sumar Mugimendua, ELA, ⁠LAB, CCOO-Euskadi, ⁠CCOO-Nafarroa, ⁠UGT-Euskadi, STEILAS, ⁠Etxalde, ⁠Hiru sindikatua, EHko Bilgune Feminista, ⁠ERNAI, ⁠Gure Haurrak ere badira, KULTURATIK, sortzaileak Palestinarekin, Artistak Genozidioaren Aurka/Artistas Contra el Genocidio, Al Ahli Arab taldea (Sanitarioak genozidioaren aurka), Gernika Memoriaren Lekuko plataforma, SOS Arrazakeria, Gerrarik ez! Plataforma, Unadikum elkartea eta Eskualdunak Eskultoreen Elkartea batu dira.

 

Aldarrikapenak ez du etenik

Bihar, irailak 6, Palestinaren Aldeko Euskal Herriko Itsas Martxa antolatu du Gazarako Mugimendu Globala Euskal Herriak. 12:00etan abiatuko da Santurtziko Arrantza Portutik Bilboko Itsas Museora Palestinar Herriarekin elkartasuna adierazteko eta Global Sumud Flotilla babesteko.

Aldi berean, giza-kate batek Arriaga Antzokia eta Bilboko Itsas Museoa elkartuko ditu.