Santurtzitik Bilboko Itsas Museora heldu ziren 100 ontzi baino gehiago pasa den larunbatean, hilak 6, mezu argi batekin: Palestinako herria ez dago bakarrik. “Gure ontziak ez dira keinu sinboliko hutsak, oihu bat ere badira, isiltasun konplizearen aurka urak zeharkatzen dituen oihua”, aldarrikatu du Gazarako Mugimendu Globala Euskal Herria mugimenduak.
Itsas martxak isiltasunaren eta axolagabekeriaren blokeoa hausten du: “Guk hautatzen dugu Palestinarekiko elkartasuna erakustea, justiziaren alde egotea, askatasunaren alde egotea”.
Israelgo gobernu sionistak gerra deklaratu dio herri oso bati, helburu “krudel eta argi” batekin: palestinar herria suntsitu, bere identitatea eta kultura ezabatu eta existitzeko bere eskubidea ere ukatuz. Ez dira bakarrik ospitaleak eta auzoak desegiten dituzten bonbardaketak. Gose planifikatua ere bada, ur falta, botiken falta, behar-beharrezkoa duten giza laguntza oztopatzea. “Gosea gerra-arma modura erabiltzen dute eta biktimarik ahulenak umeak dira”, adierazi zuten larunbatean egindako irakurketan.
Horren aurrean, Europako gobernuen jarrera salatu dute, izan ere, “beste alde batera” begiratzen dute: “Isiltasun eta neutraltasun hori, konplize izatea da”. Europak munduaren aurrean genozidioa onartzen duen bitartean, gobernuek Israelekin erlazioak apurtzen ez dituzten bitartean eta erakundeek santzioak exijitzen ez dituzten bitartean, masakre honen “erantzule” direla argitu zuen mugimenduak.
Elkartasunaren kontrako oztopoak Euskal Herrian
Espainiako txirrindulari bueltan Israeleko taldearen parte-hartzearen kontrako ekintzak erreprimitu dituztela salatu dute, eta hainbat adibide ere eman dituzte: CAFek jarraitzen du tranbiak egiten Israelentzat, Eusko Gobernuak enpresa honetan akzioak dituen bitartean, eta TERA PHARM ISRAELGo enpresa farmazeutikarekin kontratuak ditu Osakidetzak, Gazako osasun sistema hondatzen duten bitartean, besteak beste.
Horregatik, Bilboko itsasadarretik zein ibilbidean zehar milaka lagunen oihuetatik larunbatean, eta Euskal Herriko beste hainbat txokotatik ia uneoro eskatzen ari dira genozidioa berehala amaitzea, blokeoa guztiz amaitzea, Israelgo Estatuarekin harreman diplomatiko, militar eta ekonomiko guztiak etetea, eta Herri Palestinarraren eskubidea osoak aitortzea, bereziki bere autodeterminazio-eskubide ukaezina.