Umorezko Literatura eta Artearen Nazioarteko XVI. Jaialdia New Yorki dedikatuta dago

uriola.eus 2025ko ira. 16a, 13:45

Jaialdia urriaren 9tik 20ra izango da, EHUren Bizkaia Aretoa eta BBK Aretoa kokaleku nagusi dituena. Edizio honek Saturday Night Live saioaren berrogeita hamargarren urteurrena eta The New Yorker astekariaren mendeurrena omenduko ditu.

Umorezko Literatura eta Artearen Nazioarteko XVI. Jaialdia urriaren 9tik 20ra iritsiko da Bilbora. Edizio hau New Yorki dedikatuta dago, hiriak hainbat urteurren ospatzen baititu 2025ean zehar. Horien artean, Saturday Night Live saioaren berrogeita hamargarren urteurrena eta The New Yorker hedabidearen mendeurrena, umorearekin lotuta baitaude biak.

Gaur goizean, hilak 16, BBK Aretoan egindako aurkezpenean, jaialdiaren xehetasunen berri eman dute. Bertan Carolina Ontivero Umorezko Literatura eta Artearen Nazioarteko XVI. Jaialdiko zuzendariak, Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuordeak, Leixuri  Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol Saileko Foru Diputatuak eta  Koldo Bilbao BBK-ko Kultura arloko arduradunak parte hartu dute.

New Yorki dedikatutako edizio honetan, hainbat gonbidatu nagusi dira aipatzekoak: Jonathan Lethem idazlea, Samanta Schweblin Argentinako literatura garaikidearen, eta, beraz, munduko literaturaren egile onenetako bat, Peter Kuper artista grafikoa, Christina Rosenvinge eta Kirmen Uribe idazle ondarrutarra, 2009an Narratiba Sari Nazionala irabazi zuena bere lehen eleberriarekin, Bilbao-New York-Bilbao.

Urriaren 9an, beraz, New York State of Mind ekitaldiak hasiera emango dio jaialdiari Bizkaia Aretoa-EHUn, arratsaldeko 19:30ean. Solasaldiak New Yorkeko hiria gogo-aldarte gisa aurkeztuko du. Ray Loriga eta Virginia Feito izango ditu buru. Egile biak hirian bizi izan ziren denbora batez; baina haientzat, bizileku ez ezik, haien sormen-unibertsoaren funtsezko zatia ere bada. Solasaldian zehar, haien lanak ere aurkeztuko dituzte, eta iruditeria unibertsalaren zati diren eta New Yorken girotuta dauden beste hainbat lanez arituko dira. Hartara, Bruno Pardo Porto olerkari eta kazetariak hiritik muntatutako ibilbideari jarraituko diote.

Bestalde, Javier Jaén artista grafikoak The New Yorker aldizkariarentzat egindako zenbait lanen erakusketa antolatu da. Javier Jaén x The New Yorker Bilboko Metroko hainbat geltokitan izango da ikusgai, 2025eko urriaren 1etik urte bukaerara arte. Aurreko edizioetan bezala, Javier Jaének egin du jaialdiko kartela. Aurtengo gaia islatzen duen irudiko atzealdea newyorktar taxien kolore horikoa da, eta bertan, barregarria bezain basatia den King Kong bat azaleratzen da, zinema klasikoa eta New Yorkeko kazetaritzaren loraldiko egunkariak gogorarazten dituzten puntu-bilbe batez osatutakoa.

Hamaseigarren edizio honen kokaleku nagusiak, aurrekoetan bezala, EHUren Bizkaia Aretoa eta BBK Aretoa izango dira. Bizkaia Aretoa-EHUko paraninfoa izango da lehen asteko ekitaldien egoitza, eta bigarren asteko ekintzak BBK Aretoan gauzatuko dira. Horiez aparte, beste bost espazio gehigarri erabiliko dira: Bidebarrieta Kulturgunea, Metro Bilbao eta Bilborock Aretoa, eta La Perrera eta Espacio Joker, aurten lehenbizikoz egitarauaren zati izango direnak.

Nobedade gisa, bertaratuek ordaindu egin beharko dute, ekitaldietako batzuetara sartzeko. Zehazki, Bilborocken programatutako emanaldiak ordainpekoak izango dira: El Sentido de la Birra Live ikuskizuna eta Studio 54 diskotekan oinarritutako festa, Joaquín Reyesen eskutik. Tailer gehienak ere ordainpekoak izango dira. Gainerako jardueretan, sarrera irekia eta doakoa da eta saio gehienak streaming bidez emango dira, eta editatu ostean, jaialdiko YouTube kanalera igoko dira. Beste nobedadeetako bat Ja! Lagunak kidetza da: jaialdia antolatzen duen Bilboko Barrea Literatura Elkartearen kide bihurtzeko aukera ematen duen komunitatea, alegia.  Jaialdiaren webgunean, harpidetzaren baldintzak eta abantailak, eta sarrerak kontsulta daitezke, egitarauaren ekitaldiei buruzko informazioaz gain.

Ja! Jaialdiak Bilboko Barrea izenez hasi zuen ibilbidea, eta udazken hasieran egiten da urtero, 2010az geroztik. 15 edizioetan, egile asko izan dituzte, besteak beste: Tom Sharpe, Francisco Ibáñez, Joyce Carol Oates, Mercedes Cebrián, Isabel Coixet, Santiago Segura eta Bernardo Atxaga.

 

The New Yorker eta Saturday Night Live urtemugen omenez

Ja! Jaialdiaren 2025eko edizioa New Yorki dedikatuta egongo da. Izan ere, hiriak zenbait urtemuga esanguratsu biziko ditu, eta horien artean Saturday Night Live saioaren 50. urteurrena (komediaren hainbat mitoren sorleku izan dena) eta The New Yorker aldizkariaren mendeurrena, ironia arte bilakatu zuena eta istorio onenak umorea, literatura eta kalitatezko kazetaritzaren nahasketa direla erakutsi zuena. Jaialdiarentzat bereziki garrantzitsuak dira umorearekin lotuta daudelako.

Lorne Michaelsek sortu eta zuzendu zuen Saturday Night Live, eta NBC katean estreinatu zuen lehen zuzeneko saioa, 1975eko urriaren 11n. Orduz geroztik, esketx barregarriak, irudimentsuak, askeak eta politikoki desegokiak eskaini ditu mende-erdiz, zuzenekoan eta benetako publikoaren aurrean. Ikuskizunaren elementu nagusiak esketxak badira ere, musika-emanaldiak eta aurkezle gonbidatuak ere baditu bereizgarri. Izan ere, urteetan zehar, hainbat pertsonaia ospetsuk aurkeztu dute saioa, besteak beste, Tina Turner eta Taylor Swift. Antonio Castelo eta Nacho Vigalondo polifazetikoak telesaioaren zaleak dira biak, eta saiori buruz mintzatuko dira eta haien une gogokoenak erakutsiko dituzte.

The New Yorker astekariak ehun urte betetzen ditu aurten, eta Harold Rossek 1925ean sortu zuenetik bereizgarri izan dituen ezaugarri berak mantentzen ditu: zorroztasuna, kalitatea eta umore-sena. Aldizkari ikonikoan ipuinak, artikuluak eta arte grafikoa argitaratu dituzten egile entzutetsuen zerrenda amaigabea da. Marta Fernández eta Rodrigo Fresán idazleak Ipar Amerikako literaturan adituak eta newyorktar sutsuak dira, eta aldizkarian parte hartu duten pertsonaia horietako batzuk eta haren historiaren mugarriak eta pasadizoak berrikusiko dituzte.

The New Yorker aldizkariarekin lotutako beste ekitaldietako bat Kazetaritza berria izeneko elkarrizketa izango da. Estatu Batuetan 60ko eta 70eko hamarkadetan sortutako korrontea da, eta horren barnean kokatzen da aldizkarian parte hartu zuten hainbat egile. Hortik abiatuta, Juan Soto Ivars eta Alberto Olmos idazleek egungo prentsak desinformazioaren eta egia-ostearen aro honetan bizi duen egoerari buruz hitz egingo dute, bereizgarri duten garraztasunarekin.

Erlazionatuak

XVI. JA! JAIALDIA

uriola.eus abu 05 Bilbo