60. Durangoko Azoka abenduaren 5etik 8ra izango da. Betikolez, egitaraua, kultura arloan euskaraz diharduten sortzaileen ekarpenarekin osatzen da, eta aurtengo edizioan ere ekitaldi sorta aberatsa eskaintzeko asmoa du antolakuntzak. Horretarako, egitaraurako proposamenak egiteko epea zabaldu zuen atzo, hilak 15, eta urriaren 6ra arte egongo da epea zabalik. Gunez gune, diziplina anitzetako artistek aurtengo nobedadeen berri emateko aukera izango dute. Webguneko izen-emateei dagokien atalean erregistratu ahalko dituzte proposamen horiek.
2025ean euskaraz kaleratutako lanak aurkeztu ahal izango dira Durangoko Azokaren guneetan: Ahotsenean liburu eta diskoak, Irudienean ikus-entzunezkoak (film laburrak, dokumentalak, fikzioak, egitasmoen aurkezpenak...), Kabian teknologia berriekin lotutako hitzaldiak, jokoak eta tailerrak, Saguganbaran haurrei zuzendutako literatura eta musika, izan ikuskizun, kontaketa edo aurkezpen formatuan, Szenatokian dantza, antzerki eta bakarrizketak, pieza laburretan, eta azkenik, Talaian literaturaz aparteko lanak, euskara hutsezkoak zein Euskal Herriari zuzenean eragiten dizkioten gaiei buruzkoak.
Horrez gainera, aurten ilustrazioen erakusketa bat ere antolatuko da, azokako urteko nobedadeetan argitaraturiko irudiak (liburuetan, aldizkarietan, disko azaletan, ikus-entzunezkoen karteletan...) ikusgai jartzeko. Horretan parte hartzeko interesa duten sortzaileek ere proposamena bidali ahalko dute izen-emateen ataletik.
Ikasleak ere Durangoko Azokan
Azoka aurretik, PortaDA erronka aktibatuko da ikastetxeetan, LH, DBH eta Batxilergoko ikasleentzat. Euskarazko liburu eta diskoen azalak birsortzea izango da planteatuko zaien erronka.
60. Durangoko Azokaren lehenengo egunean, abenduaren 5ean, Ikasle Goiza izango da. Bertaratu nahi izango duten ikastetxeek ere webgunean izena emateko aukera dute urriaren 6ra arte. Azoka bisitatzeaz aparte, tailerretan parte hartu ahal izango dute ikasleek zein irakasleek. Goiz horretako egitaraua ikasle eta irakasleei zuzendurik egongo da, baina Landako Guneko ateak publiko orokorrarentzat ere zabalik egongo dira, ohi den moduan.
Sortzaileentzako beste plaza batzuk
Durangoko Azoka abenduaren 5ean hasiko den arren, aurretik sortzaileentzako beste plaza batzuk ere eskainiko dira, eta kasu hauetan ere izen-ematea zabalik dago. Alde batetik, DA! PRO topaketan parte hartu ahalko dute musikariek eta familia ikuskizunak taularatzen dituztenek, programatzaileen aurrean euren lanak aurkeztuz. Bestetik, Zu Non, Han DA! egitasmoa azokaren aurretik abiatuko da aurten Euskal Herriko liburu-dendetan, eta liburu aurkezpenak ere aurreko bi asteetan egingo dira. Azkenik, erakusmahaiak eskatzeko aldia ere hasita dago irailaren 1az geroztik, eta kasu honetan irailaren 30era arte egin ahalko dira eskariak.