Bost hilabetez Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak lanean jardun du babesa biltzeko Herri-Ekimen Legegilearen (HEL) alde. Horretan eskatu dute gutxieneko pentsioa EAEko gutxieneko soldatarekin parekatzea. 144.000 sinadura baino gehiago jaso dituzte eta horrek “sostengu zabala” adierazten du.
“Milaka sinadura horiek Legebiltzarrera iritsitakoan Eusko Jaurlaritzak HEL hari buruzko txosten tekniko ez-lotesle bat egin behar zuen, eta hau ekinbidearen kontrakoa izan da”, adierazi du prozesuarekin bat egin duen euskal gehiengo sindikalak. Uste dute txostena ez dela ez teknikoa, ez juridikoa, eta horrek islatzen duela Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiek ez daukatela “inolako asmorik pentsiorik apalenak jasotzen dituen jendeari erantzun bat emateko”.
Horren aurrean, ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek EAJ eta PSEri galdegin diete ez dezatela eragotzi 144.000 herritarrek baino gehiagok sostengatu duten eskaria, eta salatu dute bi alderdi horiek txosten juridiko bat hartu dutela aitzakiatzat 90.000 pentsiodun pobrezian iraunarazteko.
Horrenbestez, EAJk eta PSEk Legebiltzarrean izan beharreko eztabaida galarazi nahi dute, ez baitute borondaterik ekinbidea tramitera onartzeko ere. Berez irailaren 25ean bozkatuko da Gasteizko parlamentuan izapideak hasi ala ez; horregatik, alderdi politikoei eskatu diete herritarren halako babesa izan duen egitasmoaren alde bozka dezaten. “Legebiltzarrean ez onartzeak esan nahiko luke euskal jendarteari ukatu egiten zaiola behar duen babes sozialeko ereduaren inguruko eztabaida eta erabakia”, nabarmendu dute sindikatuek.
Hori dela eta, euskal gehiengo sindikalak bat egingo du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deitu dituen mobilizazioekin, hilaren 20an Bilbon, Donostian eta Gasteizen, eta 25ean Arabako hiriburuan, euskal alderdiei galdegiteko gutxieneko pentsioen osagarriaren alde bozka dezatela.
Kaltetu nagusiak
HEL hau tramitera onartu ezean langileria guztiaren kalterako izango da, baina batik bat emakume pentsiodunen kalterako, hauek jasotzen baitituzte zahar-saririk txikienak: hilean ezta 700 euro ere. Pentsioetan emakume eta gizonen arteko arrakala % 40 ingurukoa da. EAJk eta PSEk txosten honekin agerian utzi dute zaintza-lana ez dutela aintzat hartu nahi: “milaka emakumeren pentsioak oso kaskarrak dira ingurukoak zaintzen egin dituzten lanen ondorioz lan-merkatuan ezin izan dutelako aurrera egin”.
HEL hau aurrera ateraz gero emakume eta gizon pentsiodunen arteko desberdintasuna leunduko litzateke, pentsiorik apalenak LGSarekin parekatuko bailirateke. Egun 90.000 pentsiodunen sarrerak -gehienak emakumeak- LGStik beherakoak dira. Haatik, kolektibo horretan Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta 15.000 lagunek besterik ez dute jasotzen. Beraz, argi dago DSBE ez dela tresna baliagarria pentsiodunek sarrera nahikoak izan ditzaten.